bermeo - Euskal baxura flotako arrantzaleek eskatutako hegaluzearen kuota handitzeko proposamenari dagokionez, ICCATek ez du inolako erabakirik hartu Europako Ba- tzordeak ez duelako eskaera aurkeztu ere egin. Ondorioz, 2020ko hegaluzearen arrantzaldirako harrapaketa muga aurtengoa bezalakoa izango da 33.600 tonakoa hain zuzen. Hegoaldeko Uretako Aholku Batzordeak Europako Batzordera jo zuen harrapaketa topea handitzea eska zezan ICCATen urteko batzar nagusian. Eskaera honen arabera, 2020 urteko TAC delakoa (Gehienezko Harrapaketa Onargarria), 35.000 tonakoa izango litzateke, hasiera batean ezarritakoa baino 1.400 tona gehiago. Esan bezala, ez da igoerarik egongo datorren urterako ICCATek ez duelako gaia aztertu ere egin. Aurelio Bilbao, Bizkaiko kofradietako idazkaria, haserre agertu da ICCATen batzar nagusian gertatutakoarekin. “Gertatutakoa ezusteko handia izan da guretzat. Europako Batzordeko ordezkariekin bildu ginen Bruselan gure proposamena aurkezteko eta orain ikusi dugu ez digutela jaramonik ere egin. Oso haserre gaude” adierazi du Bilbaok.

Leandro Azkueren iritziz, ulergai-tza da jokabidea. “Europako herrialde ezberdinetako sektoreek eta erakundeek hegaluzea igotzeko proposamena egin arren eskaera hori mahai gainean ez jartzea erabaki du Bruselak, antza beste lehentasun ba- tzuk zituelako”. Hurrengo urtean ICCATek hegaluzearen stocka aztertuko du eta emaitzak ona badira, litekeena da harrapaketa muga handitzea 2021etik aurrera. “Horixe da geratzen zaigun itxaropen bakarra: Datorren urteko ICCATen batzarrean hurrengo urteetarako hegaluzearen harrapaketa muga handitzeko erabakia hartzea”, gaineratu du Azkuek. - R. Basaldua