Inor gutxik ukatuko dio euskal pilotari kultura izatearen eskubidea edo pila bat gara behintzat horrela ulertzen duguna eta ildo horietatik izan genuen aukera, duela ia 30 urte, Kepa Arroitajauregi pilotaria ezagutzeko. Jadanik profesionala zen, kazetari eta kirolari baten arteko harremanetik hainbat harago joan ginen laster gaurdaino mantendu izan dugun adiskidantza sendotuz. Pare bat urte sortu berria zen Asegarce enpresan egin ondoren, horretarako ikasi zuen, kazetaritzan jardun zuen aldi bat eta besoz beso eman genituen urte batzuk hemen saltzen zen arren, Madrilen jabe-tza duten bi hedabidetan pilotaz idazten genuelako.

Harreman berezia, kuttuna, kotxe berean egiten genituen frontoi askotara bidaiak eta agertu zen ziztrinen bat 'Comando Vizcaya' ezizena jarri ziguna ere. Hemen jartzen da, edonondik ere, Keparen aldarte alaietako bat, behin eta berriz en-tzun izan behar genuelako Iurretatik -Ixorretatik haren fonetikan- hasi behar zirela bidaiak, geografikoki (ere) Euskal herriko erdigunea zelako harentzat. Majinabat esamez kontu kontari, Logroño, Iruñea, Tolosa eta abar-eko frontoietatik bueltan, bertatik bakoitzak kronikak bidali eta gero, gaua eginda sarritan. Solasaldi ederrak benetan.

Pilotari zion maitasun eta zaletasuna lanbide egitea erabaki zuen Kepak, kazetaritzarekin batera ari zelako jadanik Euskal Pikota Federakuntzan tekniko eta hautatzaile bezala, bera izan zen nesken selekzioa pare bat aldiz Ameriketara eraman zuena, berton ere entrenatzen zituena eta garai horietan kapitulu bereizia merezi duen Abadiñko Tornosolo trinketea abian jarri izana. Han zegoen ordurako eraikina baina abiada eman ziona Kepa izan zen, eskola eginez gainera txapelketak antolatuz eta inor gutxik zertarako egina zen frontoi berezi horri zentzua emanez.

1990 eta 2000.eko hamarkadak federazioentzat nahasiak izan zirenean, Nazioartekoa Espainikoarekin lerrokatu eta abar, Arroitajauregi muina ez ezik oinarri eta eragilea bihurtu zen Munduko Pilota Kontseiluaren sorreran eta gaurdaino hantxe ekin dio eta horri esker urteetan erdi geldirik egon diren xistera eta pala modalitateak berpiztu EHn torneo edo txapelketak antolatuz. Antolatzeaz gain tekniko lanak ere bere esku joan dira gehienetan.

Joan dira bada zuretzako ardura eta ataza horiek Kepa. Betidanik kirola eragin ez ezik egiten ere jaioa izan zera eta tamalez horrelako baten erori zara betiko. Euskal Pilotak zutabe sendo bat galdu duenaren zalantzarik ez dut, lagun asko eta askok negar egingo dugu zure oroimen gozoz baina teklatu honen aurrean negarrez jartzen nautenak zure Bakarne kuttuna eta umeak dira, Kepa. Zu zeuk baino gehiago, azken baten lagun batek gogorazi zidan atzo betiko doazenak ez dutela gehiago sentitzen baina, hala ere, Agur eta ohore, Kepa, laguna!