Eta aurreikuspenak bete egin ziren. Eguraldi txarra zegoen iragarrita. Asteburu euritsu eta hotza. Hala ere, kirolariak ez dira kokiltzen. Errugbikoek denboraldi honetako hirugarren eskola topaketa izan zuten. Lehena eta bigarrena Mungian eta Getxon izan ziren, hurrenez hurren. Durango Rugby Taldea izan da zeremonia-maisu azken honetan, eta Kakarraldo, Mungia, Getxo eta Universitario Bilbao klubei egin die harrera. Arripausueta zelaia hiru zatitan banatu zuten, hiru partida aldi berean jokatu ahal izateko. Bakoitzak 40 minutuko iraupena izan zuen. Denak denen aurka aritu ziren, eta horrelakoetan arazo bat sortu ohi da: hainbeste jokalarirentzako ez da aldagela nahikorik izaten. Oraingoan, zorionez, Durangon lau aldagela izan zituzten eskura, eta ez zen arazorik izan.

Kantabriako klubak dagoeneko ez dira topaketetara joaten. Han ez zeukaten ligarik; horregatik, hona etortzen hasi ziren, eskola mailako topaketetara eta goragoko kategorien partidetara; baina jardunaldi kopurua ugarituz joan denez, azkenean erabaki dute parte ez hartzea. Aratz Gallastegik, Durangoko klubeko arduradunak, arrazoiak azaldu dizkigu. "Azken urteetan, topaketa kopurua handitu egin da. Haientzako gastu handia zen hona astero etortzea, eta logistika arazoa? beraz, Asturiasera joaten hasi dira".

Egia esan, eskola mailako errugbiak hazkunde handia izan du azken denboraldietan. Aurreko urteetan, topaketak goi kategorietako jokalariekin antolatzen ziren; baina, orain, 2012 eta 2013 bitartean jaiotako neska-mutilekin egiten dira. Gainerakoek berariaz sortutako liga batean parte hartzen dute. Gainera, Getxo, Bilbo eta Durangoko klubek bi talde dituzte kategoria bakoitzean. Benetako luxua!

Durango Rugby Taldekoak oso pozik daude errugbiak egun daukan egoerarekin, baina ez dute uste hurrengo urteetan askorik haziko denik. "Gu oso pozik gaude gure eskolarekin, eta haur nahiko ditugu, baina badaude estuago dabiltzan klubak. Garrantzitsuena daukaguna mantentzea da, joera horri jarraitzea", azaldu du Aratzek.

Zergatik gerturatzen dira familiak errugbira? Arrazoi nagusietako bat daukagun filosofia da, dudarik gabe. Gero eta erakargarriagoa da hirugarren zatiaren kontzeptua: taldeak, zaleak eta epaileak elkartzeko ohitura, elkarrekin egon eta mokadu bat hartzeko. San Mamesen egin ziren errugbi finalek ere izan zuten eragina. Bat baino gehiago harritu egin zen kirol honen inguruan dagoen giro ona ikustean. "Filosofia beti izan da gure indar-guneetako bat, familiei dagokienez, bai kirol arloan, baita heziketa arloan ere, gure oinarri nagusia errespetua baita. Kideak, aurkariak eta epaileak errespetatu behar dituzte. Hala ere, balioak ez dira berez etortzen. Etengabe landu behar dira. Askotan kosta egiten da, baina funtsezkoa dela uste dugu. Esate baterako, eztabaida bat sortzen bada, entrenatzaile edo ordezkariek esku hartzen jakin behar dute, eta egoera konpontzen. Gainera, beste aspektu batzuk ere barneratu behar dituzte, hala nola puntualtasuna", azaldu du Aratzek.

Beti iruditu zaigu deigarria zein distortsionatua egon den errugbiaren irudia. Askok uste dute zelaian ikusten den gogortasuna harago doala, baina ez da horrela. Kategoria edozein dela ere, giro ona beti da nagusi partidetan. Desadostasun edo arazo guztiak zelaian geratzen dira. Horregatik lantzen da bereziki errespetua, txikitatik.

Bestalde, durangarrek erosotasuna ere nabarmendu dute, errubia kirol moduan aukeratzeko arrazoien artean. "Klub gehienek autobus propioa izaten dute leku batetik bestera joateko, beraz, gurasoak ez dira ezinbestean autoarekin aurrera eta atzera ibili behar, topaketetara joateko. Hori beti egon da gure alde", esan du Aratzek.

San Mamesen Europako finalak jokatu zirela eta, eta Japoniako mundu txapelketan Hegoafrikak irabazi duela eta, errugbiak ospea hartu du. Hala ere, oraindik lanean jarraitu beharra dago. Momentuz, esan behar da eskola mailako jokalariak fin ari direla, eta fidelak direla. Larunbatean euripean aritu behar izan ziren, eta ondo eutsi zioten. Ia ehun jokalari elkartu ziren Arripausuetan eta partida guztiak jokatu ziren, gurasoak estalpetik begira zituztela. Eskolako txikienek argi utzi zuten errugbia pasioa izan daitekeela, euria, hotza zein haizea aurka izan.