Euskadiko Halterofilia Federazioak aitorpen ofiziala eskatu dio Nazioarteko Halterofilia Federazioari. Bruno Soto Euskadiko Halterofilia Federazioaren Zuzendaritza Batzordeko kideak eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak eman dute honen berri IWFren Budapesteko egoitzan.

Euskadiko Halterofilia Federazioak eta Eusko Jaurlaritzak urrats hori ematea erabaki dute IWFren estatutuak aztertu ondoren, berariaz onartzen baita horietan estatu ez diren nazioek edo lurraldeek parte hartzea. Redondok adierazi du honen inguruan onarpena espero dutela, "Euskadiko hainbat federaziok dagokion kiroleko nazioarteko federazioan sartzeko eskaera egin dutelako" eta "nazioarteko federazio horietako estatutuek aukera hori ematen dutelako eta Euskadi onartu dutelako".

"Aurreko legealdian argitaratu genuen nazioarteko zuzenbideko adituen txosten juridiko batek argi uzten zuen Euskadik nazioarteko txapelketetan parte hartu ahal izatea nazioarteko federazio bakoitzaren estatutuen baitan zegoela. Estatu ez diren nazioek edo lurraldeek -eta Euskadi hala da- parte hartzea ahalbidetzen duten estatutuak dituzten federazioak zein diren aztertu dugu, eta nazioarteko federazioetan sartzeko eskaera egin nahi duten federazioekin batera ari gara lanean horietan sartzeko eskaera egiteko", azpimarratu du Redondok.

Bestalde, Sotok eskertu egin du Eusko Jaurlaritzak izan duen inplikazioa: "Kirol hau hain ezaguna ez bada ere, Euskadin tradizio handia dago halterofilian, eta altxatzaile handiak izan ditugu. Urte askoan Euskadiko selekzioarekin lehiatu genuen, nahiz eta ezin izan genuen ofizialki egin; eskaera honen bidez beste urrats bat eman nahi dugu, beste lurralde batzuek bezala nazioartean lehiatu ahal izateko".

Espainiako txapeldun 13 aldiz eta Europar Batasuneko txapeldun bi aldiz izan ostean Euskal Selekzioarekin ofizialki parte hartu ez ostean, Bruno Sotoren desira da "belaunaldi gazteek nik izan ez nuen aukera hori izatea".