Juego de tronos seriearen musika entzuten hasi da. Ez, ez da inor ari YouTuben bideoak ikusten. Une horretan, gimnasta bat gerturatu eta abesti horren bertsio baten erritmora hasi da ariketa bat egiten. Pistaren atzeko aldean, neskatila talde bat itsaspean igerian balego bezala ari da mugitzen, La sirenita film ospe-tsuaren abestiaren doinuari jarraituz. Aniztasuna aberastasuna da, eta horrela erakutsi dute Ohana klubeko partaideek. Bakoitzak bere abesti gustukoenaren arabera moldatzen ditu ariketak.

Guztira 52 gimnasta dira Ohanako kide. Klub hau duela hiru urte sortu zen, baina zuzendaritza taldeko kideek urte asko daramatzate gimnastikaren munduan lanean.

Raquel da horietako bat, eta poz-pozik dago abentura honetan parte hartzeaz. “Ni entrenatzailea nin-tzen, hainbat ikastetxetan, eta klub bat sortzeko proiektuan sartzeko deitu zidaten. Baietz esan nuen, eta Bilbon entrenatzeko leku baten bila hasi ginen. Kiroldegi gehienak oso beteta daude, beraz, Artxandan entrenatzeko aukera eman ziguten, astean bitan, eta lehen urtean 20 neskatilarekin hasi ginen”, azaldu du.

Aurten 52 izatera heldu dira eta kluba bete-beteta dago, hainbat bidetatik landu duten kanpainari esker.“Kartelak prestatu eta sare sozialen bidez ere zabalkundea egin genuen, baina biderik onena kiroldegian bertan jendeak informazioa eskatzea izan da. Bilbao Kirolak erakundeak jarduera eskaini du eta jende askok eskatu du informazioa. Une honetan, oraindik ere haur gehiago har ditzakegu, baina asko ere ez? ez dugu leku askorik eta. Bi txandatan banatzen ditugu eta adinaren arabera antolatzen ditugu pistan. Egia esan, ez daukagu kexatzeko arrazoirik, izan ere, kirol hau ez da jende askokoa izaten, eta hori kontuan izanda, egoera oso ona da”, esan du Raquelek. Gimnastika erritmikoak arrakasta dauka Bizkaian, nahiko txikitatik.

Ohanaren kasuan, gimnasta gazteenak lau urtekoak dira; oraindik ez dute tresnarik erabiltzen, baina gimnastikaren oinarrizko elementuak lantzen hasten dira. “Oso txikiak direnez, itzulipurdiak egiten irakasten diegu, eta apurka-apurka doaz oinarriak lantzen. Benjamin kategoriara heltzean, pilotarekin hasten dira eta gero gainerako tresnak sartzen goaz: Uztaia, soka, mazak eta zinta”, esan du Raquelek.

Entrenamenduak egin eta eskola ligan parte hartzeaz gain, Ohanako gimnastek hainbat jarduera burutzen dituzte. Batzuek Federazioak antolatzen duen Aste Santuko kanpusean parte hartzen dute eta, Raquelen esanetan, esperientzia hori oso probetxugarria da. Gimnastek aukera izaten dute beste entrenatzaile batzuk ezagutu eta beste teknika batzuk ikasteko. Gainera, gimnasta ospetsuren batek emandako master-class batez gozatzeko aukera ere izaten da.

Bestalde, Ohanak Bizkaiko beste klub batzuek antolatutako lehiaketetan parte hartzen du, hala nola Ekilore, Santutxu, Sakoneta edo Getxok antolatutakoa. Bilboko klub honek ez du txapelketa propiorik antolatzen, baina urtean bi erakustaldi egiten dituzte. Hala ere, ezin dituzte Artxandako kiroldegian antolatu. “Oraindik ez gaude prest txapelketa bat antolatzeko lanari aurre egiteko, baina egin nahi izatekotan ere, ezin izango genuke Artxandan egin, harmailak ezin direlako erabili. Erakustaldiak San Inazioko kiroldegian egiten ditugu”, esan du entrenatzaileak. Harrobiaren aldeko apustu argiaz gain, Ohana klubak gimnastika federatuaren eta amateurraren aldeko apustua ere egin du, izan ere, kirol hau uzteko joera izaten da 20 urte inguru betetzean edo lehenago. Salbuespenak salbuespen, hori izaten da ohikoena, horregatik, klub asko ahalegin handia egiten ari dira, neskatila horiek lehian jarrai dezaten.“Rocío daukagu hor, Euskadiko senior txapelduna bi urtez jarraian; eta 23 urteko gimnastak ere baditugu, asko gustatzen zaie eta. Ikasketekin uztar-tzen dute, eta lasaitasuna ematen die”, adierazi du Raquelek.

Azkenik, entrenatzaileak nabarmendu nahi izan du nola bizi izan zuen Euskalgym ekitaldia barrutik, antolakuntzako kide moduan.

“Ostiraletik igandera BECen egon nintzen nazioarteko kirolariekin, eta esperientzia bikaina izan zen. Denetik dago gimnasten artean; errusiarrak, esaterako, apur bat hotzak dira, baina errespetuz aritzen dira. Sudotovak, adibidez, txalo ugari jaso zituen, Espainian jarraitzaile asko baititu”.