GASTEIZ. Iaz bezala, Vital Fundazioak eta Gasteiz Mendi Taldeak Mendi Jardunaldien edizio berri bat antolatu dute. Urriaren 28, 29 eta 31n egingo dira, arratsaldeko 19:30ean, Vital Fundazioa Kulturgunean. Aurten Txikonek K2ra egindako espedizioa izango da gai nagusia, eta doako sarrera izango du. Hori bai, joan nahi dutenek Gasteiz Mendi Taldearen egoitzan jaso behar izango dute gonbidapena.

Ikus-entzunezko Mendi Jardunaldiek berrikuntzak dakartzate aurten. Aurreratu egin dira egutegian, emanaldien ordua ere aurreratu egin da eta agertokia aldatu egin da. Vital Fundazioa Kulturunean egingo da ziklo arrakastatsu hau, eta oraingoan 19:30ean hasiko da, mendia protagonista duten hainbat emanaldi interesgarri helarazteko bertaratzen direnei.

Inaugurazio-jardunaldia urriaren 28an izango da, astelehena, eta Fátima Gil alpinista izango du protagonista. ‘Patagonia hasta la raiz’ lana aurkeztuko du. Lan horretan, Diego Hernándezekin batera, ipuinetako lekuetara eramango dute publikoa, “inguru eta eskalada ikusgarriak, Argentina eta Txileko Patagonian”. Historia, poesia, abentura eta lagunkidetasuna nahastu egingo dira, Paine Dorreetako Erdiko Dorrea igotzen saiatzera eramango dituen dantza batean, Chris Bonington eta Don Wilhans irekitzaileen urratsei jarraiki. Lagun handiekin partekatuko dute bidea, kondorrak, Andeetako musika, eskalatzaileak eta pumak. Umorez, pasioz eta poztasunez betetako dokumentala, amets egiten gonbidatzeko helburu argiaz.

Asteartean, urriak 29, Cecilia Buil-en eta ‘HuEllas on ice. Una búsqueda desesperada de nuevas líneas en hielo alrededor del mundo’ dokumentalaren txanda izango da. Hemisferio bietako neguetara zenbait urtetan egindako bidaietan zehar, eta beroketa globala dela-eta gainditu dituen zailtasunen aurrean, arazo horien dibulgazioan klima-aldaketaren aurrerapen bizkorrari buruz kontzientziatzeko era bat aurkitu du Ceciliak. Aldi berean naturak eskaintzen dizkigun gauza zoragarri izoztuak erakusten dizkigu. Txile, Turkia, Hegoafrika, Zeelanda Berria eta Kanada dira 2014an hasi zen proiektu honetako helmugak. Proiektua aurten bukatzea espero du, bere etxe alboan. Izotzean eskalatzea, dokumentalaren protagonista nagusia, ingurune efimeroa eta aldakorra da. Bere eskalatzaile-bizitzako ezinbesteko atal izatera nola iritsi zen kontatuko digu, izan ere, derrigorrezko ikasketa izan zen ia-ia, Karakorumeko hormak ezagutu ostean.

Ikus-entzunezko Mendi Jardunaldiak ostegunean amaituko dira ‘Winter Top Appeal ? K2 invernal by Alex Txikon’, urriak 31, lanaren eskutik. K2 planetako bigarren mendi altuena da eta neguko igoera barik geratzen den azken zortzi mila. 80ko hamarkadatik lau espedizio saiatu dira gailurrera iristen, arrakasta barik. Alex Txikonek bere bizitzako espedizio konprometituenetako bati egin dio aurre dokumental horretan.

Saioak Vital Fundazioa Kulturunean izango dira (Bakea 5, Dendarabako 1. solairua) 19:30ean. Emanaldi bakoitzaren ostean, hizlaria eta bertaratu den publikoaren arteko solasaldiari ekingo zaio. Jardunaldietarako sarrera dohainik da, baina ezinbestekoa da aldez aurretik gonbidapenak jasotzea Gasteiz Mendi Taldearen egoitzan (Pintore kalea, 74 beheko solairua), astelehenetik ostiralera, 19:00etatik 21:30era.