Karateaz pentsatzean, borrokaldiak etortzen zaizkigu beti burura. Erasoetan ahalik eta puntuazio handiena bilatzen duten doluak, alegia. Halere, borroka-arte horren barruan, bada kata izeneko modalitate bat: kirolariek aldez aurretik definitutako hainbat borroka-mugimendu egiten dituzte, irudizko arerio baten aurka. Modalitate horixe aukeratu genuen karateko laugarren eskola-txapelketarako, zeina Bizkaia frontoian egin baitzen.

Denboraldian zehar, zazpi jardunaldi, teknifikazioak eta Eguberrietako jaialdi tradizionala egin ohi dira. Azken horretan, joan den abendua karatekaz bete zuten Barakaldoko Lasesarre kiroldegia. "Jaialdi hau egiten dugu haur guztiak elkartzeko, eta giro ederra izaten dugu urtero-urtero. Goizean, klub bakoitzak prestatzen dituen emanaldiak egiten dira. Jaialdiaren aurretik, egin beharreko ariketa guztiak bidaltzen dizkiegu, prestatzen joan daitezen. Ondoren, praktikan ipintzen dute, eta poltsa bat ematen diegu jan-edanekin eta gozokiekin. Urtea amaitzeko modu polita da. Haurrek bikain pasatzen dute!", adierazi zion DEIA egunkariari Andoni López Bizkaiko Karate Federazioko presidenteak.

Aurtengo denboraldian esperotako lizentziak gainditu ditugu; izan ere, mila inguru ditugu dagoeneko, iazko aldean nabarmen gehiago. Horretaz gainera, neska kopurua ere izugarri ari da igotzen: karatea ez dute ikusten lehia gisa bakarrik, baizik eta defentsa pertsonalerako ere bai. "Neska gehiago daude ikastetxeetan klubetan baino. Nik uste dut gurasoen erabakiaren arabera dagoela. Batzuek praktikatzen dute edo aritu dira inoiz, eta alabak animatzen dituzte. Gainera, defentsa pertsonal gisa ere ikusten dute; oso erabilgarria da, kirolak lagundu egiten baitu egoera jakin batzuetan erreakzionatzen. Bestalde, karateak segurtasuna eta lasaitasuna ematen die haurrei, baita koordinazio eta espazio-sen ona ere", kontatu dute federazioko kideek.

Modu profesionalean lehiatu nahi diren kirolariei laguntzeko ekimenei dagokienez, Euskadiko Karate Federazioak teknifikazio-proiektu bat ipini du martxan, infantilei eta kadeteei zuzendurik. Hilean bi entrenamendu-saio egiten dira, goiz eta arratsaldez, eta, horri esker, hainbat karatekak Espainiako Federazioarekin parte hartu dute eta Espainiako lehiaketak irabazi dituzte.

Haietakoren batek, agian, domina olinpiarren bat ere eskuratzeko modua izango du, karatea Tokioko programan sartuko baita, erakusketa kirol gisa. Erabaki horrek egundoko poza eman zien nazioarteko federazioei; izan ere, kirol olinpiar ofizial izateko aukera ikusten baitzuten Paris 2024rako Halere, antolaketa komiteak jakinarazi zuen karatea ez dela izango kirol olinpiar hurrengo jokoetan. Horrek zapuztu egin zuen kirol honen jarraitzaileen ilusioa; hain zuzen ere, Espainiako Karate Federazioak ohar oso gogorra kaleratu zuen Nazioarteko Olinpiar Batzordeari eta Parisko antolaketa-batzordeari zuzendurik. Hementxe duzue pasarte labur bat: "Karateak egundoko kolpea hartu du. Tristura, frustrazioa eta, batez ere, inpotentzia handia sentitzen ditugu karatearen kolektiboan uneotan. Oso txarra eta eztabaidagarria iruditzen zaigu Paris 2024ko Olinpiar Jokoen Antolaketa Batzordeak hartutako erabakia, karatea kirol-zerrendatik kanpo utziz joko horietan. Nola har ditzakete tankera horretako erabakiak, Tokion 2020ko Olinpiar Jokoetan kirol gisa estreinatu aurretik? Nola balioets daiteke diziplina honek kirolaren, gizartearen eta ekonomiaren alorrean duen garapena Olinpiar Jokoetan, hasteko urtebete falta dela jakinda? Nola egin dezakete ezikusiarena eta nola lapur dezakete karatean diharduten kirolari eta zaletu guztien itxaropena, jakinik kontinente guztietan eta mundu zabalean banaturik gaudela, eta ikusirik hainbeste gizarte-onura ekartzen dituen kirol paregabea dela?", zioen kaleratutako oharrak.

Erabaki horrek ekarri duen astindua gorabehera, Bizkaiko karateak aprobetxatuko du kirol horri Tokion egingo dioten sustapena, kirolari gehiago inguratzeko.

Nahiz eta Parisko edizioan ez den izango, litekeena da karateak programa olinpiarra osatzen duten beste bi borroka-arteen bideari jarraitzea (judoa eta taekwondoa). Judoa, konparazio batera, erakusketa-kirol gisa hasi zen, Tokion 1964an egindako Olinpiar Jokoetan. Halere, handik lau urtera ez zuten programan bildu Mexikon. Munichen 1972an izendatu zuten ofizialki kirol olinpiar, eta Bartzelonako 1992ko ediziora arte ez zuen izan emakumezkoen kategoriarik. Taekwondoaren kasuan, erakusketa-kirol gisa estreinatu zuten Seulen eta Bartzelonan, desagertu egin zen Atlanta 96ko programaziotik, eta ofizialki ekarri zuten bueltan Sidneyn, 2000ko Olinpiar Jokoetan. Aurrekari horiek ikusirik, baliteke karateak zortea izatea eta hirugarren borroka-arte olinpiar bilakatzea.