Herri kirolak eskola kirol gisa? Seguru aski, ideia proposatu zenean, jende askori harri-jasotzaile eta aizkolarien lehiaketak etorriko zitzaizkion gogora. Baina herri kirolak hori baino asko gehiago dira. Modalitate ugari daude, eta oso ondo egokitu daitezke haurren ezaugarrietara. Lokotxak, txingak edo ingude izenekoak dira jardunaldietan burutzen diren probetako batzuk, eta umeek ederki pasatzen dute.

Txapelketa hau duela hamar urte hasi zen ospatzen, eta, denborarekin, ikastetxeetako gorputz hezkuntza saioetako jarduera finko izaten amaitu du. Hainbat egun ematen dituzte probak prestatzen, federazioak lagatako materialarekin. Hala ere, parte-hartzaileen artean badago beste kirol batzuk praktikatzen dituen jendea. Herri kirolak praktikatzen hasten dira kirol jarduera osatzeko, betiere, jarduera nagusiarekin kointziditzen ez badu. Aurreko batean Portugaleteko Atletismo Eskolaren kasua aipatu genuen. Lehiaketa alternatibo bat nahi zuten egutegia osatzeko, eta, azkenean, jarduera oso gustuko izan zuten eta gelditu egin ziren. Ez dira bakarrak. Bilboko beste atletismo eskola bat, Dimako pilota kluba, Lauro ikastolako futbol taldeetako bat eta Getxo Saski klubeko bat ere hala dabiltza.

Eta zergatik lortu du hain arrakasta handia ikastetxeetan zein beste kirol klubetan? Herri kirolen Bizkaiko Federazioko arduradunak, Josebak, bere ikuspuntua azaldu digu. "Lehiaketaren inguruan baloratzen diren bi aspektu nagusiak jardunaldi kopurua eta antolakuntza dira. Taldeak hiru eremutan banatzen dira. Horietako bakoitzean hiru jardunaldi jokatzen dira, beti igandez, baina ez batera. Igande batean eremu bati dagokio, eta hurrengoan beste bati; beraz, beste kirol ba-tzuekin uztartzeko jarduera egokia da. Bestalde, antolakuntza gure indar-guneetako bat da. Izan ere, jardunaldiak atseginak dira eta haurren artean errotazioa egiten da probetarako; ez dute askorik itxaron behar izaten".

Hain zuzen ere, antolakuntza aspektu positibo bat izaten da jende ugariko topaketetan, hala nola igandean Etxebarrin egindakoan. Denboraldiko lehen jardunaldia izan zen eta Bilbo eta inguruetako parte-har-tzaileak batu ziren. Eremu hau eta Uribe Kostakoa dira jende gehien biltzen dutenak, eta oso garrantzi-tsua da ondo antolatzea. Etxebarrin 22 talde benjamin eta 14 alebin egon ziren; hau da, guztira 220 ume. Denek hartu zuten parte lokotxak, ingude, zakuak, txingak eta sokatira probetan, txandaka. Azken proba hori da gustukoen dutena, orokorrean. Pilotalekua lau zatitan banatu zen, bat proba bakoi-tzeko (sokatira azkenerako utzi zen). Horrela hartu zuten parte proba guztietan, epaileen, monitoreen eta gurasoen begiradapean.

Proba horiek aldatzen joango dira jardunaldiek aurrera egin ahala. Giza probak edota gurdi probak ere jokatuko dira. Horiek zailagoak dira, baina umeei ez zaie hainbeste kostatzen egokitzea. "Proben arauak nahiko errazak dira. Haiek badakite zer egin behar den, ikastetxean entrenatzen aritu direlako. Egia da, askotan, erreleboekin nahastu egiten direla, edo lokotxen lasterketekin arazoak dituztela, baten bat jarri edo ken- tzea ahazten zaielako, baina, orokorrean, ez da arazorik egoten. Giza proba zein gurdi probetan araudia aldatu dugu, zailtasun handirik ez izateko".

Bitxikeria moduan, esango dugu herri kirolak arrakasta handiena izaten ari diren lekuak landa-eremutik urrunen daudenak direla. Horrela izanik, Bilbo eta inguruetan dauka parte-hartzerik handiena; ondoren Uribe Kostan eta, azkenik, Durangaldean. "Jende gehiena Bilbotik dator. Ez dauka herri kirolen tradiziorik, baina udalerri jendetsuena eta ikastetxe gehien dituena da, beraz, sustapen lanaren fruituak jasotzeko aukera gehiago daude. Bitxia da tradizio gutxien duten udalerrietan praktikatzea gehien, eta Bilbo horren adibide argia da. Ematen du gustuko dituztela herri kirolak", esan du arduradunak.

Hurrengo jardunaldia igandean izango da, Bakioko kiroldegian, Uribe Kostako taldeekin.

Durangaldekoek, aldiz, otsailaren 2ra arte itxaron beharko dute, Gernikako Santanape kiroldegian egiteko. Martxoan haur eta kadete kategoriakoak hasiko dira lehian, baina oraindik lekua zehazteke dago. Helburua da probak herrietako plazetan egitea, betiere, egualdiak laguntzen badu. Pasa den urtean, Gernikan, ez zen hala izan. Beraz, herri kirolak arin batean finkatu dira eskola-umeen arteko jardueretan. Orain, helburua da haur eta kadete mailako liga haziz joatea, tradizioa ez galtzeko.