PIRRITX, Porrotx eta Marimototsek ikuskizun berria estreinatu zuten joan den astean Donostian: Kuikui. Miren Amurizak idatzitako eta Irrimarrak ilustratutako ipuin bat dago horren oinarrian, hamabi abestik osatutako disko batekin batera, eta abiapuntuetako bat da euskararekiko duten kezka. "Ipuinak txoriez hitz egiten du, munduak txorien kantuak behar dituelako, baina txoriez ari garenean herrien hizkuntzaz ari gara: txorien kantuak behar ditu munduak, eta baita herrien hizkuntzak ere", azaldu du Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx'-ek. Haren arabera, euskaldunen txorrotxioa euskara da, eta munduari euskaratik eman behar zaio kolorea.

Ikuskizunean, beraz, txoriak eta hegaztiak dira protagonistetako batzuk, baina egin dituzte moldaketak ere landu nahi dituzten baloreetako batzuk txertatzeko. Zehazki, amets bat izaten dute pailazoek, Imanol Urbietak konposatutako eta Joxean Ormazabalek ida-tzitako Txoria nintzela abestiarekin, eta hor dago lehen ideia. "Txoria izan nahi dugula amesten dugu, eta Marimototsek dio sentsazio hori bizi nahi duela, hegan egin nahi duela eta urrutitik begiratzeko gaitasuna izan nahi duela". Izan ere, uste dute txoriek badutela gauzak beste perspektiba batetik ikusteko ahalmena, errealitateari gainaldetik behatzeko aukera. "Hori egiten ahaleginduko gara besoak zabalduz, hegoak astinduz, salto eginez eta hegan".

Pailazoek ezagutuko duten lehen pertsonaietako bat 'Txo Mikmak' indio txikia da, eta balea batekin batera egongo da. "Plastikoz beteta dago animalia, itsasoa ere hala dagoelako, eta pinguino bat egongo da berarekin batera; hegazti berezia da, hegan igerian egiten dutelako, urpean". Mokoan tiritatxo bat izango du animalia horrek, goxoki baten makilatxoa trabatuta gelditu zaiolako, baina, dena dela, itsas salbatzaile lanetan arituko da ezbairik gabe. "Hor ateratzen dugun ondorioa da guk lurretik eta beraiek itsasotik, denok zaindu behar dugula itsasoa eta mundua".

Errealitate gehiago

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek hegoak astindu eta urrutira begiratuko dute beste behin, eta bidean 'Tider' migra-tzailearekin topo egiteko aukera izango dute. Afrikatik dator, eta Baionara iristea du helburu. "Ez dugu hizkun-tzaz elkar ulertzen, baina bai keinuekin eta berak dakartzan bi marrazkiei begira". Horietako bat plano bat da, Afrika eta Europaren arteko ibilbide bat markatuta duena eta Baionaren gainean gurutze bat. Bere anaiaren marrazki bat da bestea, familia duelako zain Lapurdiko hiriburuan. "Oztopoa, kasu honetan, Bidasoa da, eta hori ezin gurutzaturik dabilenean hontza agertuko da laguntzeko prest; gauean ikusten duen hegaztia da".

Beraz, 'Tider' atzean utzi, berriro ere hegan egin, eta 'Ilargi' baserritarra ezagutzeko parada izango dute. "Lurra lantzen eta zaintzen du beste mundu bat nahi duelako, eta berarekin ditu arrautzak erruten dituzten oiloak ere, madalena eta bizkotxo goxoak egiteko, eta azokan saltzeko". Horien artean, gainera, bada bat nabarmena: 'Margarita'. "Koloreko arrautza egingo du, eta hortik aterako da koloretako txioa ere, munduari ortzadarra oparituko diona eta kuikui kantatzen duena". Gainera, Agirretxek zehaztu du oiloa ere hegazti "berezia" dela, ez duelako hegan airean egiten, baizik eta saltoka. Dena dela, uste du bakoitzak bere era duela hegan egiteko; beraz, ikuskizuna txorien txorrotxio guztiak elkarrekin daudela amaitzen da.

Habia kutxak

Txoriak eta hizkuntzak batu, eta ikuskizuna egingo duten herrietako bakoitzean pailazoek asmo dute tokian bertan euskalgintzan aritzen diren elkarteei edo taldeei habia kutxa bat oparitzea, Aranzadi Zientzia Elkarteko Txoribox programa hizpide izanda. Horrek asmo du biodibertsitatean laguntzea eta txoriek beraien habiak egiteko aukera izatea, batik bat zuhaitzik ez dagoen herriguneetan. Hori gogoan, Agirretxek metaforaren nondik norakoak azaldu ditu: "Hein batean, txorien habia kutxak nahi ditugu txorientzat, baina baita hizkuntzentzat ere. Horregatik, herrietan euskarentzat habia goxoak eraikitzen eta sortzen ari diren taldeei habia kutxak oparituko dizkiegu".

Horrez gain, hausnarketa bat ere gogoan izan du. Haren arabera, gizakiek, oro har, uste dute "munduaren zilborra" direla, baina uste du errealitatea ez dela horrela. "Hor daude aldaketa klimatikoa, biodibertsitatearen galera, arrazakeria eta pobrezia, besteak beste€ Ez dakit ez ote garen gu horien erantzuleak, nor eta nolabait arrazionalak omen garen izakiok!". Aldiz, azaldu du ingurura begiratu eta ohartu daitekeela badirela beste espezie batzuk; esate baterako, txoriak. "Agian, haiengandik ikasi beharko genuke. Umiltasun mezu bat ere badakar ikuskizunak: izan gaitezen txori eta har dezagun altuera hori beste begirada bat lortu ahal izateko, humanoagoa eta elkartasunez betea izango dena".