Ibilbide laburra baina oparoa du egina Hara taldeak. Bi disko dituzte kalean: Adikzioak, minak eta desirak (2017) eta Errotak (2018), eta hainbat kontzertu dira horren lekuko. Hiru urte pasatu dira Jon Iparragirre Kirru abeslari eta gitarra-jotzaileak Julen de Diegorekin eta Gorka Ruizekin batera taldea sortu zuenetik. Hastapenetik, baina, Kirru da taldean jarraitzen duen bakarra. “Hirukote moduan hasi ginen eta bikote moduan gaude orain. Egia esan, taldea sortzeko asmoarekin nenbilenean, bikote formatuak asko erakartzen ninduen, eta azkenean halaxe bukatu dugu”, kontatu du abeslariak. Taldekideen sartu-irtenak, hala ere, beti “arazo” izaten direla aitortu du, “krisi antzeko bat da taldearen dinamikan, oztopo horri aurre egiteko energia eta denbora dedikatu behar dizkiozulako, baina egia esan, taldearen dinamika ez da eten, eta indartuta atera gara”. Gaur egun Aitor Lazkanok eta Kirruk osatzen dute taldea eta momentuz, bikote moduan jarrai-tzeko asmoa dute.

Gai sozialak, politikoak, zein intimistak (amodioa, desamodioa, bakardadea?) jorratzen ditu bikoak bere kantuetan. “Batzuetan gaiak beste batzuekin nahasten dira, azken aldian entzuten den bezala, pertsonala ere politikoa baita. Hitzak ez dira oso esplizituak eta jendeak era ezberdinetan interpretatu izan ditu”, dio abeslariak.

Errotak da bigarren diskoari izena ematen dion kantua, eta hemen David Bowieren Heroes abestia etor dakioke bati baino gehiagori burura. “Ahotsaren lehen bi silaben melodian antzekotasun bat duela esango nuke -uste du Kirruk-. Zantzuren bat badu, baina bi kantuak oso ezberdinak dira bata bestearengandik. Abestiaren arima sortu nuenean, grabatu egin nuen ideia, eta artean hitzik ez zuenez, Bowie izena jarri nion zirriborroari, abestia identifikatzeko. Kuriosoa izan zen, zeren abestia behin amaituta zegoenean, Baga Bigako Ritxi Aizpururi bidali nion eta berak ere Bowieren abesti bat gogorarazten ziola esan zidan, nik aurretik berari ezer esan gabe”, kontatu du abeslariak.

GENERO ANIZTASUNA Estilo aldetik, 90eko hamarkadako rocka, metala? igartzen da abestietan, doinu gogorrak lasaiagoekin josiz. Hainbat musika generotatik edan du taldeak: “jotzen hasi nintzenean, metala zen nagusi. Ondoren, adinarekin, estilo ezberdin asko entzun izan dugu: hardcorea, postcorea, stonerra, popa edota oso eklektikoak izan diren taldeak. Guzti horrek, azkenean, eragina du sortzerako orduan”, dio abeslariak. Horrexegatik, hain zuzen ere, Hararen abestiak bata bestearengandik ezberdinak dira. Hala ere, bikoak beren abestiei komunean duten zigilu bat eman die, entzundako musika guzti hori beren galbahetik pasa baitute. “Abestiek sentimendu bat sorrarazten badigute, aurrera egiten dugu. Entzuleari zerbait esan edo berau hunkitzeko gai badira, poztasun handia da guretzat”.

Bildumako hirugarren kantuan Tennessee Williams antzerkigileari omenaldia egin dio taldeak. “Bere an-tzerki obra bat irakurri nuen, La gata sobre el tejado de zinc, eta letra idazteko inspiratu ninduen”, kontatu du Kirruk. “Giza harremanen azalkeriaz eta, esan edo aitortu gabeko egien inguruan dihardu: aitortu gabeko homosexualitateaz, kodiziaz, dekadentziaz, heriotzaz? asko gustatu zi-tzaidan liburua eta horrexegatik abestiari Tennessee izena jarri nion, idazleari gure omenaldi xumea egiteko”. Diskoan badira baita ere bere herritik ihes egin behar duen pertsona bati buruzko kantua (Ihesaldia) edota feminismotik gizonek egin beharreko aldaketen inguruko beste bat (Desikasten).

Hararen bi lanak Axular Arizmendiren AME Estudioan grabatu dituzte, baina Kirruren iritziz, bigarrenak hobeto islatzen du taldea, “lehen diskoaren ondoren, Arizmendi bera zuzeneko teknikari gisa ibili zen askotan eta taldearen soinua eta energia ezagutzeko beta izan zuen. Errotak-en soinua gordinagoa da, kontzertuetan entzun daitekeenarekiko fidelagoa”, iritzi dio abeslariak.

LEKUA EGINEZ Gutxika musikaren panoraman “lekutxoa” egiten ari direla nabarmendu du Hara bikoak. Bigarren lan honekin kontzertuak errazago ateratzen ari zaizkie, eta zuzenekoetan inoiz baino erosoago sentitzen ari direla onartu dute. Kontzertuak han eta hemen eskaintzen ari dira udan, eta orokorrean harrera ona izaten ari direla diote. Azaldu dutenez, abestiak diskoan grabatu eta zuzenean jotzen joan ahala aldaketa batzuk egin dituzte: “bueltaren bat luzatu, akorderen bat aldatu, ahotsaren melodiaren bat erraztu?aldaketa batzuk badaude, baina, orokorrean, kantuen esentzia berbera da”. Hirugarren disko baterako ideiak ere badituzte, “baina patxada gehiago hartuko dugu hura prestatzeko”.