Ostiral honetan, apirilaren 24an, Bidebarrieta Kulturguneak Botxo Boogies taldearen kontzertua jasoko du arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Juan Crisotomo de Arriagaren heriotzaren 200. urteurrena omentzeko. Sarrerak dagoeneko salgai daude Bilbo Kulturaren webgunean, bost euroan.

Arriaga maisua, ziurrenik, Bilboko musikaririk nabarmenena izango da nazioartean. Hiriko ospetsuaren izena du Bilboko Arriaga Antzokiak edo Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioak. Aurten, 220 urte beteko dira jaio zenetik (1806ko urtarrilaren 27an), eta oso gazterik hil bazen ere (1826ko urtarrilaren 17an, 19 urterekin), musika-ondare garrantzitsua utzi zuen.

Kontzertua

'Arriagari Omenaldia' ekimenaren bidez, omenaldia egingo zaio Juan Crisostomo Arriagari, Euskal Herriko Mozart deitu ziotenari. Musikari laukote batek interpretatuko du musika klasikoaren eta jazzaren klabean. Haren obrari eta bizitzari buruzko dibulgazio-kontzertua izango da, eta hiriko konpositorearen partitura esanguratsuenen zatiak interpretatuko dira; hala nola, “Obertura de los esclavos felices”, “Sinfonía en Re” eta “Cuartetos de cuerda” ospetsuak. Gainera, haren bizitzako pasadizoak eta datu adierazgarriak kontatuko dira (Somera kalean jaio zenekoa, hamahiru urterekin lehen opera konposatu zuenekoa, Parisera egindako bidaia hango Kontserbatorio Nazionalean ikasteko (irakaslea ere izan zen bertan), eta 19 urterekin hil zenekoa, besteak beste).

Botxo Boogies musika-taldekoak duela 25 urte hasi ziren elkarrekin jotzen. Jou Gonzalezek (saxo sopranoa, saxo tenorea eta klarinetea), Carlos Velascok (gitarra), Edu Basterrak -‘Teddy Baxter’ bezala ezaguna- (baxua) eta Iñaki Jaiok (bateria) osatzen dute. Laukotea Swing/Rock & Roll eta Jazz Laukote gisa sortu zen. Musika klasikoan eta jazzean tituludunak izateaz gain, honako talde hauekin jo dute, besteak beste: Doctor Deseo, Fito & Fitipaldis, Armando Manzanero, Pavarotti, Alejandro Sanz, Mocedades, Mike Farris, Perico Sanbeat, Ruper Ordorika edo Gontzal Mendibil.

'Arriagaren omenez' ekitaldiaren egitaraua. B. U.

Bidebarrieta Kulturgunea

Botxo Boogiesen 'Arriagari Omenaldia' Bilboko Udalak Musikaren Europako 2006eko Egunerako agindutako enkarguaren bidez sortu zen. Juan Crisostomo Arriagaren obra jazz klabean interpretatzea zen helburua.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegian kulturari eskainitako gunea da. Helburuen artean, kultura, literatura eta zientzia garatu eta sustatu nahi dira.