Asteazken honetan goizean, ekainaren 4an, Euskaltzaindiak XX. mendeko idazle berritzaileentetako bat izan zen Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteurrena ospatzeko prestatutako programazio zabala aurkeztu egin du. Ekitaldian parte hartu du Bilboko Udalaren Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzi Eider Inunciagak.

Euskaltzaindiaren egoitzan egindako prentsaurrekoan, Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Gabriel Aresti Kultur Elkartearekin eta Bilboko Koralarekin batera prestatu duen ekitaldi-programa zabala azaldu dute. Egitarauak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EiTBren eta BBKren babesa dauka. Programazio guztia Euskaltzaindiaren webgunean dago eskuragarri.

Inunciaga zinegotziaren ustez, "Bilbok Gabriel Arestiren obran duen eragina funtsezkoa da Poeta eta Pertsona ulertzeko. Lotura sakona landu zuen bere hiri maitearekin, eta bertoko jendea eta euskararen defentsa islatu zituen ehunka olerki, artikulu, saiakera eta abarretan. Lan horiek berrirakurtzea plazer hutsa da. Hortaz, gaur esan dezakegu Gabriel Aresti hizkuntza-normalizazioaren aldeko borrokaren sustatzaile eztabaidaezina izan zela Bilbon. Haren lanak euskal idazle eta artisten belaunaldi mordo batengan izan du eragina. Arestiren ondareak bizirik dirau gure ume eta gazteen ikasgeletan".

Inunciagak gogora ekarri du aurtengo otsailaren 17an bukatu zuela Bilboko Udalak Esperantza udal-ekipamenduaren erreforma, plakaren erreplika bat jarriz. Bertan, Gabriel Arestiren poema bat dago, aspalditik pilotaleku mitikoa dagoen kale historikoari eskainia.

Izan ere, Gabriel Arestik poema bat dedikatu zion Bilboko Esperantza kaleari. Ondo ezagutzen zituen kalearen ezaugarriak. Leku mehar, ilun eta labur horren izena, Esperanza, iradokitzen zionarekin alderatu zuen. Plaka berriak zaharraren bertsoak dauzka:

KALE ARTEAN

“askaotik sendejara

Bilbaon

Esperanza

oso mehar, ilun eta laburra

da.”