Zaleen begi-belarriak Santurtzira adi egon ziren atzo arratsaldean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatu baitzen Santurtziko Serantes Kultur Aretoan. Baina Itsasadarraren beste aldetik, Algortatik, heldu zen saioko olaturik indartsuena, Jone Uriak ekarria. Hasieratik amaierara sendo aritu zen kantuan eta alde handiz irabazi zuen, 631 punturekin. Horri esker, zuzenean sartu da abenduaren 16ko finalean. Txaber Altube bigarrenaren 576 puntuak txiki utzi zituen Uriak, abadiñarrak ere finalean egoteko aukera aproposa duen arren.

Epaileek emandako puntuazioetan alde handiegiak egon zirela esango du batek baino gehiagok, baina Jone Uriak, behintzat, hasierako bertsoan ziurtatu zuen ez zegoela puntu bakar bat ere galtzeko prest. “Hobe omen da sobran eman, gutxiegi eman baino”, kantatu zuen, behin zirujauak puntuez esan ziona gogoan. Esan eta egin, ariketaz ariketa bertso biribilak eta ideia zorrotzak kateatuz joan zen irabazlea azkeneraino.

Zortziko handian, Mikel Goirienarekin batera abestu zuen Uriak, gehiago ezin duen sortzaile prekarioaren azalean. “Nire burua saltzen ari naiz, bizirautearen truke”, bota zuen. Ariketa horretan, Txaber Altuberi eta Aitor Bizkarrari egokitutako ofizioa ere aipagarria izan zen. Su faltan dagoen bikotearen ahotik, truke ederra izan zuten batak eta besteak. Bien arteko “bake-prozesua” ez zuela gustuko esanez ekin zion Bizkarrak eta gerra eskaini zion Altubek trukean, baita psikologoaren laguntza ere. “Gure auzia korporala da, ez da psikologikoa” erantzun zion Bizkarrak, eta Altubek ekin: “Noizean behinka beste gorputz bat, sartu dezagun ohean”. Bizkarrak errematea: “Hirugarrenik ez dogu behar, guk lehengo bien ordetan / baina akaso hasi gaitekez, rol ezberdinak probetan”.

Zortziko txikian entzuleei irribarrea eragiten ahalegindu ziren sei bertsolariak, baina txaloak garesti egon ziren Santurtzin. Unai Mendiburuk eta Txaber Altubek piztu zuten publikoa, aita-semeen arteko ofizio barregarrian. Jone Uriak eta Bittor Altubek ere utzi zuten arrastoa. Autoeskolako lehenengo klasera autoa gidatzen etorri zen ikaslea izatea egokitu zitzaion Altuberi, eta Uria irakasleak “Abadiñoko borono” deitu zion, “traktorean etorri, zaitez hurrengoan” bota aurretik. Hurrengo ariketetan ere agertu ziren traktorearen aipamenak.

Barru-barrutik kantatu zuten Txaber Altubek eta Mikel Goirienak hamarreko txikian. Abadiñarra tabernariaren azalean jarri zuen gai-jartzaileak eta euskaraz hitz egiten dion bezero bakarrarenean Goiriena. Truke polita biribiltzeko, hauxe bota zuen mungiarrak: “Eta proba dezagun, hurrengoan lagun / erdaraz eskatu ta, euskaraz erantzun”. Uria eta Mendiburu algortarrak ere dotore aritu ziren hamarrekoan. Produktuak garestitu behar izan dituen baserritarra izan zen Uria, eta Mendiburu, bezeroa. “Barruak nahi du baina, poltsiko honek ez”, ekin zion Mendiburuk, baina kantukidearen aldarrikapenak ulertu zituen gero. Hori ikusita, zera bota zion saioko irabazleak: “Ez neukake hain bide, gogorra, hertsia / dirudunek balute, zure kontzientzia”.

Saioaren bakarkako zatian, “barruan gordeta daukazuna ateratzen hasi zara, badakizu gauzak aldatuko direla”, horixe Igor Menika gai-jartzaileak ganbaran emandako gaia. Lehenengoz psikologoaren kontsultara doanaren azaletik, hiru bertso eder abestu zituen Uriak. Bigarrena honela amaitu zuen: “Eta dena jarri ohi dut, azken aldi hontan dudan / baita hala bizitzeko, bizi gura ote dudan”. Heldutasunetik kantatuta eta saioari hasieratik neurria hartuta, Jone Uriak zazpigarren aldiz hartuko du parte Bizkaiko Txapelketako finalean. Santurtzin egin zuen lana aintzat hartuta, faboritoen multzoan sartuko da berriz.

Txaber Altubek ere Bilboko azken saioan egoteko aukera aparta du, hirugarren finalaurrekoko puntuazioen zain geratu bada ere. Ganbarako puntu erantzunetan bizi ibili zen eta gaiari ere sendotasunez heldu zion. Puntuazioan pixka bat beherago, baina finaletik urrunago, Aitor Bizkarra izan zen hirugarren. Azken agur mikatzean onartu zuen Miribillako oholtzatik kanpo ikusten duela bere burua. Hala ere, txukun aritu zen ariketa askotan, errimak ondo landuz eta hizkuntzaren baliabideak zukutuz.

Unai Mendiburu laugarren sailkatuak ere dotore josi zituen puntuak, eta hurrengo txapelketetan eman lezake zeresana. Mikel Goiriena bosgarrena gogotsu aritu zen eta, finaleko mailara heltzeko koska bat falta izan zitzaion arren, bi urte barru itzultzeko asmoa agertu zuen, “entzuleak dar-dar” jarri guran. Bittor Altubek ere badu hurrengo urteetan punta-puntan ibiltzeko gaitasuna, baina Santurtzin agertutako urduritasun eta zalantzak oholtzatik kanporatu beharko ditu. “Autopresio eltzea txistuka” izan zuela onartu zuen abadiñarrak agurrean, baina anaiaren lan onak gozatu zuen altubetarren trantzea.

Kontuak kontu, finalaurreko bakarra baino ez zaio falta txapelketari, datorren astean Lemoako udal kiroldegian jokatuko dena. Larunbatean, hilak 25, da hitzordua, eta hauek igoko dira oholtzara: Aissa Intxausti, Ibai Amillategi, Josune Aramendi, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta 2021eko txapelduna, Nerea Ibarzabal. Xabat Galletebeitia eta Jone Uria dagoeneko sailkatuta daude eta Lemoan jakingo ditugu Bilboko finalean egongo diren beste sei bertsolarien izenak.

Puntuazioak

Jone Uria 631

Txaber Altube 576

Aitor Bizkarra 574,5

Unai Mendiburu 565

Mikel Goiriena 557

Bittor Altube 498,5