Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak jasoko du datorren larunbatean, ekainaren 10ean, eguerdiko 12.30etik aurrera, MusEkintza jaialdiaren barruan antolatutako 'Kandelak' izeneko ikuskizuna. Garazi Etxaburuk eta Jose Pablo Arriagak eskainitako emanaldi hau MusEkintzaren programazioko hamargarrena izango da.
'Kandelak' dantza garaikidearen eta zurezko eskultura handien arteko uztartze berezia da. Garazi Etxaburuk bizitza emango dio Jose Pablo Arriaga artistak egindako eskultura handi bati. Koreografia indartsu eta gozoa da, kandeletako sugarren mugimenduetan inspiratua; irudi-bizipen emozional zirraragarria sortuko du.
Eskulturak hainbat geruza dauzka, elkarren gainean tolestuta, eta adiera asko hartuko ditu dantzaldiak aurrera egin ahala. Pentsa daiteke haurdun dagoen emakumearen sabeleko azalaren metafora dela, hau da, bizitza berria gordetzen eta babesten duen espazio sakratuaren metafora. Dena den, barnean dagoenari aurre egin beharra ere iradokitzen du. Zenbait gauza izan daitezke: haur baten jaiotza, egonean dagoen larritasunaren agerpena edo barneko mamu zaharren askapena. Horiek guztiak azaleratzea funtsezkoa da bizitza osoan gozatzeko.
Ikuskizunera joateko ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea 946 255 451 zenbakian. MusEkintzari buruzko informazio guztia www.bizkaikoa.bizkaia.eus helbidean kontsultatu daiteke.
MusEkintzak diziplina artistiko ugari biltzen ditu
MusEkintza BizkaiKOAk, Bizkaiko Foru Aldundiaren museo guztiak koordinatzen dituen erakundeak antolatzen du eta irailaren 10ean eskaini zuen bere lehen ikuskizuna, eta, horrela, hasiera eman zitzaion hilero diziplina artistiko ugari biltzen dituen jaialdiari. Joan zen irailetik ekainera arte ekitaldia Bizkaiko museo edo leku historiko batetik igarotzen da, geldialdi bakoitzean ikuskizun desberdina eskainiz. Guztira, Bizkaiaren historiaz beteriko hamaika agertoki dira, Aldundiaren honako museo eta espazio hauek: La Encartada fabrika-museoa Balmasedan; El Pobaleko burdinola Muskizen; Txakolingunea, Txakolinaren Museoa Bakion; Euskal Herria museoa Gernikan; Arkeologi Museoa Bilbon; Bermeon; eta Muñatones gaztelua. Aurten, gainera, lau gune berri daude: Mariaren Bihotza plazako aztarnategia Bilbon; Berreginen Museoa; Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkea eta Santimamiñe Kortezubin.