Igande honetan Bilboko Udal Musika Bandak kontzertu bat eskainiko du 12.00etan Euskalduna Jauregiko Auditorioan. Bertan, José Rafael Pascual-Vilaplana Bilboko Udal Musika Bandaren zuzendari titularrak hirugarren aldiz lagako du bere batuta, Martín Baeza-Rubio maisuak Bilboko taldea zuzentzeko ardura izan dezan.

Baeza-Rubiok orkestra sinfoniko handietan esperientzia aparta du. Hainbat izendapen eta sari jaso ditu interprete, zuzendari eta Estatuan eta atzerrian egindako kultura- eta hezkuntza-lanagatik. Prentsa espezializatuak goraipatu egiten du, eta etorkizun oparoa iragartzen dio zuzendari gisa. Zalantzarik gabe, benetako ohorea da Bilboko taldearentzat Baeza-Rubiok aurtengo denboraldiko kontzertuetako bat zuzentzeko gonbidapena onartzea. Eszenatokien gainean gaur egun dagoen talenturik handienetako bat da, gogo biziz, indarrez eta musikaltasun miresgarriz zuzentzen duena.

Hori guztia dela eta, Bilboko publikoak kalitate handiko ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute igande honetan, non, besteak beste, Jesus Guridi, Giuseppe Verdi, Julio Gomez, Joaquin Turina, Pietro Mascagni, Richard Wagner, Manuel de Falla eta Luis Serrano Alarcon musikari handien lanak interpretatuko diren.

Sarrerak dagoeneko salgai daude Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan. 5 euroko prezioa dute publiko orokorrarentzat eta 4 eurokoa 65 urtetik gorakoentzat, pentsiodunentzat, erretiratuentzat eta Gazte Txartelaren titularrentzat, gehi kudeaketa-gastuak (1,50 euro).

Emanaldi honen ostean, jada abenduan, Bilboko Udal Musika Banda agertokiz aldatuko da, eta abenduaren 3an, ostiralean, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan izango da, "Hurbileko bideak" kontzertua eskaintzeko. Emanaldian, Paul Hindemith, Jan Haderman, Jean François Michel eta Gregory Fritze musikariek konposatutako lanak entzun ahal izango dira. Halaber, kontzertu honetan Juanma Beguiristain Udal Bandako klarinetearen “Gernika suzko euripean” obra estreinatuko da.