Irailaren 2tik 12ra bitartean, 'El viaje a ninguna parte' izeneko antzezlana ikusgai egongo da Arriaga Antzokian. Lan hau antzokiaren ekoizpen propioa da, eta urtarrilean estreinatu zen.

Orain, zortzi emanaldi eskainiko dira, ostegunetik igandera, noiz eta irailaren 2, 3, 4 eta 5ean, eta 9, 10, 11 eta 12an. Aukera paregabea da, beraz, pandemiaren ondoriozko murrizketengatik edo beste edozein arrazoirengatik Fernando Fernán Gómezen eleberrian eta ondorengo filmean oinarritutako lan honetaz gozatu ezin izan zuten guztientzat. El viaje a ninguna parten koprodukzioa egin du Madrilgo Fernán Gómez Antzokiak, eta han ere ikusi ahal izango da irailaren amaieran, Bilboko emanaldien ondoren.

Muntaiaren zuzendaria Ramón Barea da, baina zuzendariaz gain, antzezleetako bat ere bada eta Don Arturorena egiten du, El viaje a ninguna parten antzezten diren komikoen konpainiako lehen aktore eta zuzendari izandakoarena. Fikzioan bere semea dena, Don Carlos Galván, Patxo Telleriak interpretatuko du eta biloba (Carlitos Galván) Mikel Losadak. Jakina, ezin dira falta pertsonaia karismatikoak, hala nola Don Arturoren lehengusina (Julia Iniesta andrea, Itziar Lazkanok antzeztua), Rosa del Valle alaba (Aiora Sedano) edo Juanita Plaza (Irene Bau). Eta hainbat paperetan, moldakortasun handiko bi aktore ditugu: Diego Pérez eta Adrián García de los Ojos. Azken hori, gainera, ikuskizunaren musikaz arduratu da, giro eta estetika aldetik Jose Ibarrolak diseinatutako agertokiarekin eta Betitxe Saituaren jantziekin erabat lerrokatuta dagoena. David Alkortaren argiztapenak eta María Casanuevaren atrezzo

lanak multzoari dotoretasuna ematen diote.

Ramón Bareak Fernando Fernán Gómezen eleberri eta ondorengo film arrakastatsua hartu du, Ignacio del Moralek antzerkira egokitutakoa, eta obra oso zaindua eraiki du, jatorrizkoaren esentziari eta egilearen espirituari eusten diena. Zalantzarik gabe, lan hau ikusten dutenek Fernando Fernán Gómezen begirada berezia, umorea eta trufa antzemango dituzte. 2021 honetan 100 urte bete dira Fernán Gómez jaio zenetik, eta gainera Bareak pertsonalki ezagutzeko plazera izan zuen, berarekin lan egin baitzuen Vivir loco, morir cuerdo obran, non Bareak Kixotearena egiten zuen, Fernando Fernán Gómezen beraren zuzendaritzapean.

El viaje a ninguna parte obrak komikoen lanbidea konpainia ibiltari batean aurrera eramateko modu jakin batez hitz egiten du. Azken finean, ogibideaz mintzo da, benetan bokaziozkoa denaz. Bizitzaren eta erresistentziaren mikromundu txikia den horretaz. Mendeetako tradizioa duen eta etengabe birsortzen den lanbideari egindako omenaldia da. Hil eta birsortu egiten da. Zinema, soinudun zinema, irratia, telebista, Internet... etorri diren arren. El viaje a ninguna parte Antzerkiaren arte honen etengabeko metafora bilakatu da, funtzio bakar eta errepikaezin bakoitzean birsortzen den antzerkiarena.