Ostiralean, ekainak 11, 'Ciencia Fricción, Vida entre especies compañeras' izeneko erakusketa inauguratu egin da. Bada, Azkuna Zentroa Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroarekin (CCCB) lankidetzan ari da proiektu horretan. Hori bai, proiektua ezin izango da 2022ko azaroararte ikusi. Instalazio moduan proiektatuko da, jarduera programa zabal batekin batera.

Fernando Pérez, Azkuna Zentroko Zuzendaria, aurkezpenean izan da CCCBko Zuzendari Judit Carrerarekin, komisario María Ptqkekin eta Jeu de Paume eta Parisko Centre Pompidou zentro laguntzaileekin batera.

"Ciencia Fricción. Vida entre especies compañeras" erakusketa lurreko espezie guztiak erlazio sinbiotiko eta interdependenteen bidez elkartuta daudela dioen ebidentzia zientifikoan oinarritzen da. Naturan ez dago erakunde autonomo edo independenterik; guztiok osatzen dugu ekosistema horietako bat. Espezieek lankidetza-, mutazio- eta truke-sare bat osatzen dute, eta hor bizi gara lankide gisa.

Paradigma-aldaketa horrek esan nahi du giza espeziea ez dela salbuespenezkoa, ezta hobea ere. Azken batean, sinbiosiak zalantzan jartzen du giza nagusitasuna, naturaren multzoa eta izaki bizidun guztiak gure ongizatearen zerbitzura daudela dioen ideia.

Perspektiba-aldaketa hori kontatzeko, gaur egungo kultura zientifikoan funtsezkoak diren bi figuren obran oinarritzen da erakusketa: Donna Haraway eta Lynn Margulis. Biek dute sinbiosiari eta espezieen arteko lankidetzari ematen dioten garrantzia eta komunikazio eta narratiba zientifikoarekiko interesa.

ARTISTAK, PENTSALARIAK, ZIENTZIALARIAK ETA EKINTZAILEAK

Antropozentrismotik —gizakiari dagokion mundu-ikuskera - biozentrismorako — gizakia ekosistema baten parte gisa ulertzen da-- trantsizioak erakusketa osoa zeharkatzen du.

Bisitariak hainbat euskarritan aurkituko ditu artelanak, hala nola ikus-entzunezko eta soinuzko murgiltze-instalazioak, errealitate birtuala, pintura, marrazketa eta abangoardiako zinema, baita zientziaren dibulgazioko piezak ere.