BILBO. Otsaila eta martxoa bitarteko programazioa zehazten darrai Arriaga Antzokiak. Oraingo honetan, otsaileko bigarren hamabostaldiko eta martxoko lehenengoa bitarterako zortzi ikuskizun berri eman ditu ezagutzera: bost antzezlan, dantza emanaldi bat, zirkuko ikuskizun bat eta kontzertu bat.

Ikuskizun guztiak 19:00etan hasiko dira, Prostitución antzezlana izan ezik, ordu erdi lehenago hasiko baita, 18:30ean.

Prostitución, Andrés Limak zuzendutako eta Carmen Machi, Nathalie Poza eta Carolina Yustek antzeztutako obra duela hilabete batzuk, itxialdia zela eta, bertan behera geratu zen obretako bat da, eta orain berreskuratzen da, hiru emanaldi eskaintzeko martxoaren 5etik 7ra.

Duela denbora gutxiago, Gabonetan, Anfitrión bertan behera utzi behar izan zen, talde artistikoko kide batek positibo ematearen ondorioz. Zorionez, Arriaga Antzokiak Pepón Nieto, Toni Acosta, Fele Martínez, Paco Tous, Dani Muriel eta María Ordóñez aktoreak protagonista dituen obra hau berreskuratu ahal izan du, eta martxoaren 13an eta 14an ikusi ahal izango da.

Ana Belén antzezle ospetsua ere gurean izango da; zehazki, otsailaren 26tik 28ra izango dugu Arriagan. Bera da Silvia Muntek zuzendutako Eva contra Evako aktoreen zerrendaren burua. Obra Joseph L. Mankiewiczen Eva al desnudo klasikoan inspiratzen da, eta pertsonaia bera antzeztu behar duten bi belaunaldietako bi aktore erakusten ditu. Bizitza eta ogibidea ulertzeko bi moduk talka egiten dute.

Arriagan euskarazko antzerkia ere egongo da, Artedrama eta Huts Teatroaren eskutik. Bere azken proposamen eszenikoa Ander Lipus, Amancay Gaztañaga eta Laura Penagosen Atzerrian lurra garratz testua da. Ander Lipus eta Laura Penagos oholtzara igoko dira eta Amancay Gaztañagak zuzenduko du martxoaren 2an eta 3an ikusi ahal izango dugun obra hau.

Ikuskizun hauen arteko azken antzerki-proposamena Àlex Rigolaren obra bat da, berak zuzendutakoa. Un país sin descubrir de cuyos confines no regresa ningún viajero izenburu luzearen atzean, Alba Pujol antzerkigile eta aktoreak bere aitarekin, jasotzen ari zen kimioterapiako azken zikloan zehar, izandako elkarrizketa batetik abiatzen den muntaia interesgarri bat dago. Heriotzatik gertu dagoen testuingurutik bizitzari buruzko ikuskizun bat sortzen da, otsailaren 19an ikusiko duguna.

DANTZAREN, MUSIKAREN ETA ZIRKUAREN ARLOKO BITXIAK

Antzerki onaz gain, Arriagak beste genero batzuetako ikuskizun ederrak eskainiko ditu. Dantza gure ikuskizunen sailera itzultzen da gure koreografo eta dantzari nazioartekoenetako bati esker: Iratxe Ansa. Duela gutxi, 2020ko Dantza Sari Nazionala jaso zuen Interpretazio kategorian, eta duela urte batzuk, Igor Bacovich italiar dantzari eta koreografoarekin batera, Metamorphosis Dance konpainia sortu zuen Ansak, non bi sortzaileen esperientziak, pasioak eta dantza ulertzeko modu zorrotz eta askeak bat egiten duten. Bere azken sorkuntza bereziak ikuslea biltzen du piezan zehar, Al desnudo du izena eta otsailaren 18an iritsiko da Arriagara.

Musika ere ezin zen falta izan. Otsailaren 25ean kontzertu oso berezia egongo da: Überbach. Sebastian Knauer pianista prestigiotsuak eta BOSeko hari-orkestrak Johann Sebastian Bachen soinu unibertsoan murgiltze liluragarri bat proposatzen digute, Arash Safaian konpositore irandarraren begiradaren bidez, zeinak Bachen musika lengoaia moderno batekin berrinterpretatu nahi izan baitzuen. Emaitza piano, bibrafono eta hari-orkestrarako bost kontzertu laburreko multzo bat izan zen, 2017an "Classical without borders" kategorian Echo Klassik saria irabazi zuena. Emanaldian Pascal Schumacher bibrafonistak ere parte hartuko du.

Azkenik, zirkuak ere bere lekua izango du Arriagan (otsailaren 20an eta 21ean), Rhum & Cia konpainiaren eskutik. Konpainiak 4 ikuskizun egin ditu 6 urtetan, eta arrakasta handia lortu du publikoari eta kritikari dagokienez. Azken lana, Gran Reserva, familia osoarentzako ikuskizun dibertigarria da, konpainiaren ibilbideko unerik onenak eta saio berriren bat biltzen dituena. Umorea, ganberrismoa, magia eta musika, hainbat instrumentu jotzen dituzten pailazo bikainen eskutik.

SARREREN SALMENTA

Ikuskizun horietarako sarrerak ikusleentzat salgai egongo dira asteazkenetik, urtarrilaren 27tik, Arriaga Antzokiaren webgunean edo Arriaga Antzokiko txarteldegietan.