Zazpi film luzek eta telesail bateko kapitulu batek osatuko dute Donostia Zinemaldiko Made in Spain izeneko saila. Film horien artean, Santiago Segura eta Iciar Bollain zuzendari ospetsuek azkenaldian zuzendutakoak egongo dira.

Bollainen kasuan, berak zuzendutako eta Candela Peñak interpretatutako La boda de Rosa filma egongo da ikusgai. Azken honek, Epaimahaiaren Sari Berezia eta Zilarrezko Biznaga lortu berri ditu Malagako zinema-jaialdian.

Jaialdi horretatik ere Donostiara iritsiko da Pilar Palomero zuzendariaren opera prima, Las Niñas. Malagan arrakasta handia lortu zuen filmak, Urrezko Biznaga lortuz. Beste jaialdi batzuetan hainbat sari lortu izanaren premisa ere beteko du Nuria Gimenezen My Mexican Bretzel filmak, Gijon eta Rotterdamgo ekitaldietan onenen artean egon baita.

Laura Herrero zuzendariaren La Mami film luzea ere egongo da aurkeztuko diren filmen artean. Lan hau Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatua izan zen, eta Bartzelona D’A Filme Festival eta Amsterdamgo Zinema Dokumentalaren jaialdian aurkeztu da jada.

Made In Spain sailean aurkeztuko diren filmekin jarraituz, Paula Cons zuzendari galiziarraren La isla de las mentiras filma proiektatuko da. Lan hau Shangaiko zinema-jaialdian aurkeztu zuen, eta bere aurreneko film luzea da, 2017an La batalla desconocida eta 2018an El caso de Diana Quer, 500 días dokumentalak ekoitzi ostean.

Etxera joz, Jaione Camborda donostiarrak Arima filma aurkezteko aukera izango du. Film honek Sevillako Zinemaldiko Olatu Berriak sailean zuzendari onenaren saria lortu du dagoeneko, eta Donostia Zinemaldian beste sari bat irabaz dezake.

Horrez gainera, hasieran aipatu bezala, Santiago Segura hautagaien artean egongo da, Padre no hay más que uno filmarekin. Komedia honen bigarren partea orain zinema-aretoetara iritsi den aldetik, badirudi zuzendari madrildarrak publikoa bere alde izanen duela.

Azkenik, Made In Spain-en HBOren Escenario O sailaren kapitulu bat estreinatuko da. Lan honetan, Irene Escolar eta Barbara Lennie ibili dira produktore exekutibo moduan. Orotara sei ataletan banatuta dago saila, eta aurkeztuko den Hermanos izeneko kapitulua Pascal Rambert antzerkigileak eta Diego Postigo zinema zuzendariak sinatu dute.