Hamahiru film luze lehian egongo dira Zinemaldiko Irizar Saria irabazi ahal izateko. Gehienak euskal zinemari eskainitako Zinemira sailean daude, zeinean Lara Izagirreren Nora, Pepe Andreu eta Rafael Molesen Lobster Soup edota David Gonzalezen Talento estreinatuko diren.

Donostia Zinemaldiak atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez, aurtengo edizioan 21 euskal film proiektatuko dira orotara: hamalau film luze, hiru laburmetrai, bi serie, film ertain bat ekoizpen prozesuan dagoen beste bat. Era berean, modalitate ezberdinak egongo dira: Sail Ofiziala, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Culinary Zinema, Made in Spain eta Zinemira bera. Eta ez hori bakarrik, hainbat ekitaldi ere egingo dira: Zinema euskalduna eta EITB eta Wip Europa adibidez.

Hasieran aipatutako filmetako zuzendarien harira, Lara Izagirrek Un otoño sin Berlin izeneko filma estreinatu zuen 2015eko Euskal Zinemaren galan, eta aurtengoan Zinemira irekiko du Nora lanarekin. Proiektu hori 2018ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatu zuten, Ane Pikaza, Hector Alterio eta Loli aktoreek antzeztu zutelarik.

Pepe Andreu alacantarrak eta Rafael Moles castelloarrak zuzendutako Lobster Soup dokumentalari dagokionez, duela bi urte Lau Haizetara izeneko dokumentalen Koprodukzio Foroan egon zen, eta oraingoan Irizar Saria lortu nahi dute. Gainera, arestian aipatu bezala, David Gonzalez bilbotarraren Talento ere egongo da Irizar Saria irabazteko lehian.

Zinemiran egongo diren gainontzeko filmei dagokienez, hurrengoak dira azpimarratzeko modukoak. Eugene Green estatubatuarraren Atarrabi et Mikelats, Amaia Merino donostiarraren ¿Dónde está Mikel?, edota Miguel Angel Llamas nafarraren Caminho longe.

Sailean bertan, baina lehiaketan parte hartuko ez dutenean artean, Olmo Figueredoren El estado contra Pablo Ibar edota Aitziber Olaskoagaren Jo ta ke eskainiko dira.

Zabaltegi-Tabakaleran ere hainbat euskaldunek ekoitzitako lanak egongo dira, hala nola, Laida Lertxundiren Autoficción, Marina Palacioren Ya no duermo. Era berean, Made In Spain sailean, Paula Consen La isla de las mentiras hautagaia izango da.

Azkenik, David Perezen Alarde eta Arantsa Santestebanen 918 noches telesainen estreinaldiekin osatuko da euskal partaidetza aurtengo Zinemaldian, EITBren eta WIP Europaren galetan hurrenez hurren.