- Aurten, urriaren 2an eta 3an ospatuko da Gau Zuria Bilbon. Hortaz, ez da ekainean egingo, ohi bezala. Azken hilabeteetako alarma egoeraren ondorioz, uriaren fundazioaren urteurrena gomutatzeko ospakizuna atzeratzea adostu du Bilboko Udalak, beti ere, orduko osasun-baldintzak egokiak badira eta bestelako arazorik ez badago.

Kulturako udal taldea Gau Zurirako programazio berria lantzen dabil dagoeneko, herritarrek programazio zabala izan dezaten, eta Udaletik aurreratu dutenez, laster emango da horren berri. Ildo beretik, “gertutasuna” bilbotarrek ekitaldiaz gozatzeko aurtengo elementu bereizgarria izango dela iragarri dute: “2020ko Gau Zuriak tokiko kutsu nabarmena izango du, euskal sortzaileen, artisten eta hornitzaileen aldeko apustua egingo baita, Bilbao Aurrera Planean onartutakoaren ildotik”.

Ekitaldia atzeratzeko erabakia hartzerako orduan, hainbat alderdi aztertu dira. Esaterako, abiapuntu gisa, covid-19ak Euskal Autonomia Erkidegoan eragindako egoeraren nondik norakoak arakatu dira, eta, horrekin batera, Osasun Publikoaren irizpideak eta Eudelen gomendioak kultura- eta jai-ekitaldiak egiteari dagokionez. Hori bai, ez dira horretara mugatu eta bestelako faktoreak ere aztertu egin dira, hala nola, ekitaldi jendetsuetan eta aire zabaleko jardueretan osasun publikoa bermatzeko mugak edota espazio publikoko aforoak ere.