BILBO. Hurrengo asteazkenean, urtarrilak 29, arratsaldeko 19:00etan, 'Energia... iluna?' izeneko hitzaldia jasoko du Bidebarrieta Kulturguneak. Bertan, Marcos Pellejero Ibáñez Donostia International Physics Centerreko (DIPC) doktoretza ondorengo ikerlariak Unibertsoari eta hutsari buruz arituko da luze. Sarrera librea eta doakoa izango da, baina gonbidapen baten bitartez sartu ahal izango da bakarrik. Gonbidapen hori bihartik aurrera Kulturgunearen liburutegian jaso ahal izango da, erabat dohainik.

Unibertsoaren etorkizuna aurresan dezakegu? Harrigarria ematen duen arren, baietz dirudi. Hala ere, aurresanen bidean "energia iluna" deritzogunaren efektuarekin topo egiten dugu. 'Energía€ iluna?' izeneko hitzaldiak landuko dituen gaien artean, dirudienez unibertso osoan dagoen energia hori nondik datorren eta zein ondorio dituen dago, eta inkognita horri eta beste batzuei buruz hausnartuko du.

Marcos Pellejero Ibáñez Donostia International Physics Centerreko (DIPC) doktoretza ondoko ikerlaria da. Zaragozako Unibertsitatean fisikan lizentziatu zen eta, ondoren, Londresko Imperial Collegen ikasi zuen. Bertan, eredu kosmologiko estandarraren ordezko teorien ezagutzan sakondu zuen. Eskala kosmiko handienen egiturari buruzko doktoretza egin zuen Kanarietako Astrofisika Institutuan (IAC).

Hitzaldia, Bidebarrieta Zientifikoaren urteko programazioaren barruan dago. Ekimenak beste programa batzuk ere jasotzen ditu, "Darwinen Eguna", besteak beste, -hori ere UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutakoa-, zientzia jende guztiari era atseginean eta didaktikoan hurbiltzeko eta egunerokotasuna duten zientziari buruzko gaiak ezagutarazteko helburuarekin.