BILBO. Hurrengo igandean, urtarrilaren 19an, Bilboko eta Bartzelonako Udal Musika Bandak "Hiri biren arteko erretratuak: Bartzelona eta Bilbo" izeneko kontzertua eskainiko dute Euskalduna Jauregian. Hurrengo astean, urtarrilaren 26an, bi bandek Bartzelonan eskainiko dute Kataluniako hiriburuan, L'Auditorin konkretuki.

Hitzordu historikoa izango da, izan ere, lehen aldiz, ehun urte baino gehiago dituzten bi udal bandek, Bartzelonakoak eta Bilbokoak, elkarrekin joko dute euren potentziala erakutsiz. Hiri bi, Banda bi, musika bateratua. Bi Bandak, José R. Pascual-Vilaplana maisuak zuzentzen ditu eta ia bi orduz, euskal obrak eta obra katalanak interpretatuko dituzte, Toldráren “Empúries” eta “La Maledicció del Comte Arnau”, Brotonsen “Glosa de l’Emigrant”, Usandizagaren “Bidasoa”, Guridiren “Una aventura de Don Quijote” eta Armando Blanquer Ponsodaren “Concierto para banda”.

Sarrerek 5 euroko prezioa dute, zenbakidunak dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus web orrialdean eta Kutxabankeko kutxazainetan eskuratzeko aukera dago.

Bartzelonako Udal Banda hiriko musika agrupaziorik zaharrenetakoa da. Bartzelonako Udalak sortu zuen 1886. urtean eta 2007az geroztik, L´Auditorin eskaintzen ditu bere emanaldiak eta kontzertu denboraldi egonkorra du. Estatu zein nazioarte mailako artista eta taldeekin elkarlanean hainbat proiektu garatzen ditu. 2018an etapa berri bati ekin zion, Pascual-Vilplana zuzendari titularraren gidaritzapean.

2016. urtean Bandak 130 urte bete zituen eta ordutik, bere sorrera eragin zuten helburuei leialtasun osoz eutsio dio, konpositore handien musika hiritarrei hurbilduz eta kalitate handiko ikuskizunak eskainiz. Honez gain, erronka berrietara egokitzen jakin du, bandarako egungo errepertorioaren zabalkundearen alde eginez, estreinuak konpositore katalanei enkargatuz edota artista heterogeneoekin elkarlanean arituz. Egun, Bartzelonako Udal Musika Banda bere gizartearekin konprometituta dagoen taldea da, beraien denboraren parte eta Bartzelonako musika eszenatokietako protagonista aktiboa da.

PROGRAMA

Udal banda historiko bi bilduko dira, haize eta perkusioko orkestren idiosinkrasiaren, historiaren eta ahalmenen bozgorailu izan nahi duen kontzertu batean. Gaurko programan entzungo ditugun egileek tradizioa aprobetxatu eta garaiko ezaugarriak, sasoi eta leku batera lotzen zituen jantzi estetikoak erabili zituzten, artea partekatzeko erantzukizunez hurbiltzen den konpromisoarekin.

Bartzelonako Udal Bandak orkestrarako lan original bi proposatuko dizkigu, bandarako transkribatuta eta XX. mendeko Kataluniako musikaren figurarik garrantzitsuenetako batek konposatuta, Eduard Toldrà (Vilanova i la Geltrú, 1895 - Bartzelona, 1961). Biolinista, konpositorea eta orkestrako zuzendaria zen (besteak beste, Bilboko Orkestra Sinfonikoa zuzendu zuen), konposizio sinfoniko ugari, operak eta sardanak sortu zituen, eta Bartzelonako Orkestra Sinfonikoa fundatu zuen 1941ean.

Empúries sardana sinfonikoa edo La maledicció del Comte Arnau poema sinfonikoa XX. mendearen lehen hamarkadetan tradizioa berritzeko nahiaren erakusgarri dira, bandako instrumentuak cobla herrikoaren tresnekin uztartuta. Konpromiso artistiko hori argia da beste lan batzuetan ere, adibidez Salvador Brotons (Bartzelona, 1959) maisuaren Glosa de l’Emigrant lanean. Brotons gaur egungo bandako konpositore eta zuzendari garrantzitsuenetako bat da eta Bartzelonako Udal Bandako zuzendari gonbidatu nagusia da, hamar urtez titularra izan ondoren.

XX. mendearen hasieran, Europa osoan musika nazionalistaren eklosioaren sasoian, bandarako pentsatu zen lan batekin hasiko da Bilboko Udal Banda: José Mª Usandizaga (Donostia, 1887-1915) gipuzkoarraren Bidasoa obertura Vincent d’Indy-ren ikaslea izan zen Parisen eta operak, zarzuelak eta musika sinfonikoa konposatu zuen. Bandarako lan honekin Elgoibarren 1906an deitu zen konposizio saria irabazi zuen. E

Eta denboran aurrera eginez gero, Jesús Guridiren (Gasteiz, 1885 - Madril, 1961) musikara hurbilduko gara. Hura ere V. d’Indy-ren ikaslea izan zen Parisen eta euskal operaren aitetako bat da. Una aventura de Don Quijote lana Cervantesen liburu ospetsuaren “Bizkaitar ausartaren bataila” kapituluan oinarritzen da eta bigarren saria lortu zuen Madrileko Arte Ederretako Zirkuluko Lehiaketan. Madrileko Circo Price Antzokian estreinatu zen 1916an. Zalantza barik, musika intzidentalak partitura sinfoniko batean daukan gaurkotasunaren adierazpena da.

Musika banda bi biltzeko, gainera, beharrizan artistiko soilean justifikatu behar zen. Horrela, bada, eta kontzertua bukatzeko, Bartzelonako eta Bilboko Udal Bandek XX. mendeko banden literaturaren partiturarik garrantzitsuenetako bat interpretatuko dugu, Amando Blanquer Ponsoda-ren (Alcoi, 1935 - Valentzia, 2005) Concierto para banda. Lan horrek, bere instrumentazioa dela-eta, talde biak uztartzea eskatzen du.

Blanquer Olivier Messiaen-en ikaslea izan zen Parisen eta Konposizioko Roma Saria irabazi zuen 1962an. Artearen ikuspegi humanista dauka eta bandarako lanetan kontzepzio tinbrikoa erabiltzen du. “Ideia musikala ezin da sortzen duen elementutik bereizi”. Partitura honek Madrileko Villa Maisuaren Sari ospetsua lortu zuen eta bandak abangoardiako musikan daukan berezitasuna ekartzen du gogora, amore eman barik eta estereotipo barik, etorkizuneko konpromiso ausartarekin.

Hiri bi, banda bi eta desira bat: bandako musika XXI. mendeko kulturako garraiatzaile izatea.