BATEK Elizako arkupean egiten zen Azoka ezagutu zuen eta bestearentzat, ordea, lehenengo urtea da hau. Batek 8.000 ale ekarri ditu Landakon bost egunetan saltzeko helburuarekin; bestea, berriz, 100 alerekin egin du Iparraldetik Durangorako bidea. Elkar argitaletxea gaur egun Euskal Herri mailan boteretsuenetakoa dela esan genezake eta besteak, aldiz, Iparraldeko Matahamik, adinez bi urteko bizi-tza laburra besterik ez dauka.

Elkarren artean oso ezberdinak dira biak, baina helburu berdinarekin jaio ziren. Olatz Osak zuzendutako Elkar eta Julie Mugicak abiatutako Matahami kultur sorkuntzari bere espazioa eskain-tzeko abiatu ziren.

Osak 18 urte inguru daramatza argitalpen munduan murgilduta, eta, azaltzen duenez, Elkar jaio zenetik egoera hamaika eratan aldatu da. “Iparraldean sortu zen Elkar, Baionan, euskara argitara- tzea debekatuta zegoen garaian hasi baitzen argitaletxea. Euskarazko liburugintzak orain dela hogei edo hogeita hamar urte argitaratzen zena euskarazko irakurleek segituan erosten zuten, eskaintza urria zelako”. Hala ere, Osak azaltzen duen bezala, gero eta profesionalizatuagoa dagoen alorra bihurtu da, “kalitatearekin estuki lotuta” dagoena. “Pixkanaka hazi da eta kalitate eta kantitatean irabazi dugu. Gaur egun anitza da eta irakurle bezala hautatzeko aukera dago, oso aberasgarria dena”. Euskarazko liburugintzak alboan dauzka gaztelaniaz eta frantzesez argitaratzen diren milaka erreferentzia. Horregatik, Osaren esanetan, euskarazkoak horren alboan oso urriak dira. “Euskarazko liburugintzaren aniztasun hori behar dugu irakurle bezala, norberaren gai, gustu eta generoen arabera aukeratu ahal izateko”.

Eta aniztasun horren parte da Matahami Iparraldeko argitaletxe txikia. Aurten lehenbiziz heldu da Azokara, eta Mugicak sortu zuen orain dela bi urte, nahiz eta ogibidez diseinatzailea den. Zer helbururekin jaio zen? Bada, arduradunak azaltzen duenez, Iparraldean euskarak izan duen bilakaeraren ondorio izan da bere “ume kuttunaren jaiotza”. “Umeek ikastolan ikasten dute baina gurasook ez dugu ondo uler- tzen, horregatik liburu elebidunak argitaratzen ditugu, gurasoentzat lagungarri izateko”.

Hala ere, Mugicak azaltzen duenez, Azokan ez da kontzeptua gehiegi ulertu. “Egia esan egun hauetan konturatu naiz Iparralderako pentsatuta daudela liburu hauek, hemen zentzua pixka bat galtzen du”. Jendea gainera, fran- tsesa dagoela ikustean desanima- tzen dela dio, “frantsesa ikasten ari den jendeak bakarrik erosten ditu”, alboan euskara baitute ale guztiek. Eta hori da garrantzitsuena Julie Mugicaren esanetan, “euskaraz irakurri ditzakete liburuak frantsesari kasurik egin gabe, eta hori ari naiz egun hauetan azaltzen”.

Modu batean edo bestean, biek kulturgintzaren uzta aberastu egiten dute. Olatz Osa zuzendariak azaltzen duen bezala: “Proiektu eta zigilu berriak merkatuan eta gizartean izatea aberasgarria da denon- tzat”.