BILBO. Bere bizitzako ibilbideak pianoan modu profesionalean aritzera eraman zuen lehenengoa, eta bigarrenaren kasuan “aldian behingo maitalea” eta zaletasuna izan da. Pianoaren inguruko bi errealitate desberdinetan eta hurbilketa horietan oinarrituta, bi musikariek, Eta? zer gehiago? ikuskizuna prestatu dute. Andoni Egaña bertsolaria narratzaile gisa arituko da, eta baita abeslari gisa ere, bizitzak aurrean jartzen dizkigun bidegurutzeei eta aukeratu beharrak duen zailtasunari buruzko gogoeta egingo duen ikuskizun honetan. Izan ere, aukeratu behar horrek askatasun sentsazioa eragiten du, baina baita min sentsazioa ere.

Zuzendaritza eszenikoa Agurtzane Intxaurragaren esku dagoen ikuskizunak, egile, estilo eta garai desberdinetako musikaz gozatzeko aukera emango digu. Bi pianoen soinu bikainaren bitartez, zineko musika eta musika herrikoia entzuteko aukera izango dugu, musika-tresna horretarako dagoen errepertorio unibertsaleko orrialde handiaren zati gisa. Horietatik, beste batzuen artean, hauek entzun ahal izango ditugu: Sergei Rachmaninoven 3 zenbakiko piano eta orkestrarako kontzertua (I. mugimendua); Frederic Chopinen 1 zenbakiko piano eta orkestrarako kontzertua (I. mugimendua); Maurice Ravelen piano eta orkestrarako Sol M kontzertua (II. mugimendua); edo Leonard Bernsteinen West Side Story laneko musika aukeraketa.

Kontzertuaren ideia

17-18 urte ditugunean bidegurutze baten aurrean jartzen gaitu bizitzak: Ikasten jarraitu behar? Eta zer ikasi? Xabier Lizasok eta German Ormazabalek ere aukeratu beharra izan zuten. Eta biek gauza bera erantzun zuten: pianoa. Garai hartan, erantzun horrek beste galdera eragiten zuen: Eta? zer gehiago? Hortik sortu da ikuskizunaren ideia.

Zergatik errepertorio hori?

Bi pianorekin zuzenean eskainiko diren lanek, parte hartuko duten bi musikarien ibilbidean pianoak bete duen lekuari erantzungo diote. Izan ere, Xabier Lizasok etaGerman Ormazabalek ibilbide desberdinak aukeratu zituzten. Xabier pianoan murgildu zen buru belarri, pianoan bakarrik, eta horrela zuzenean ezagutu zituen ikasketako orduek eta orduek berarekin duten bakardadea, errezitaldi garrantzitsu baten aurreko urduritasuna, etab. Germanek, berriz, pianoa erabat baztertu barik, bere bizitzak beste bide bat hartuko zuela erabaki zuen, bilera amaiezinak eginez, aurrekontuak egokituz, kudeaketa lana zein gogorra izan daitekeen sentituz? Eta, aldi berean, jotzeak eragiten duen plazerrarengatik bakarrik, pianoa jotzearekin gozatu du. Horregatik, egitarauan, oso pieza sakonak, agian hain sakonak ez diren beste batzuekin nahasten dituzte. Varsovian Chopin ikastean ari zela Xabierrek bizi zuen bakardadea gogorarazten diguten piezak, eta larunbat batean, koadrilako adiskideekin txoko batean afaldu ondoren Germanen gaualdietara eramaten gaituzten beste batzuk. Eta, une oro, Andoni Egañaran ekarpen bikaina, gaueko ekitaldiaren hari gidari gisa.