BILBOGILEAK-MEMORIA DE BILBAO BILDUMAREN BARRUAN

Bilbao 700 fundazioak XX. mendearen hasierako irakasle baten istorioa kontatzen duen liburua aurkeztu du

Euskal Herriko lehen hezkuntzako eskolarako irakaskuntza elebidunaren ildo nagusiak diseinatu zituen protagonistak

09.02.2020 | 17:39
Bilbao 700 Fundazioak argitaratzen duen Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumako liburuan XX. mendeko emakume nabarmen horren bizitza jasotzen da.

Euskal Herriko lehen hezkuntzako eskolarako irakaskuntza elebidunaren ildo nagusiak diseinatu zituen protagonistak

BILBO. Bilbao 700 Fundazioak 'Adelina Méndez de la Torre. Maestra en Bilbao (1897-1937)' izeneko liburua aurkeztu du. Bertan, irakaslea izan zen Adelinaren bizitza kontatzen da, garaiko hezkuntza eta gizarteari erreparatuz. Liburua Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumari dagokio, zeinak historian itzala utzi zuten gizon eta emakumeen nortasuna eta lana gogora ekartzea du xede.

Adelina Méndez de la Torre figura nabarmena izan zen Bilboko hezkuntzaren arloan XX. mendearen lehen urteetan. 1897an Bilbon finkatu zen eta gogor aritu zen lehen hezkuntza berritzen, arlo teorikoan eta praktikoan. Irakasle normalista modura zeukan prestakuntza sendoaz gain, atzerrian ere ikasi zuen eta bekak lortu zituen Italia, Suitza eta Frantziako irakaskuntza zentro ospetsuetan. Europako beste herrialde batzuetako esperientzia berritzaileenak ezagutu zituen eta Bilbora ekarri zituen Eskola Berriko ideia pedagogikoak, psikopedagogia zientifikoarenak, paidologiarenak eta higienismoarenak. Beste alde batetik, udalaren ekimenaren eta kudeaketaren garrantzia defendatu zuen eskolarekin lotutako gaietan.

Irakasle honek hobekuntzak sartu zituen eskolako praktikan eta irakaskuntzako materiala egin zuen lehen hezkuntzarako. Era berean, Bilbon eragin handia izan zuten ekimenak bultzatu zituen hezkuntzaren arloan: eskulan hezigarria, eskoletako jantokiak eta udalekuak, helduen hezkuntza eta Solokoetxeko Eskola Normalean ikasten zuten irakaslegaien prestakuntza praktikoa. 1918an Oñatin egindako Biltzarreko emakume hizlari bakarra izan zen.

Bertan, Euskal Herriko lehen hezkuntzako eskolarako irakaskuntza elebidunaren ildo nagusiak diseinatu zituen, gaur egungo euskal curriculumari mende bat aurreratuz. Artikulugile nabarmena ere izan zen, eta bere kredo pedagogikoa azaldu zuen eguneroko prentsan eta hezkuntzan espezializatutako aldizkarietan.

Liburuaren aurkezpenean izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Gonzalo Olabarria Kulturako zinegotzia eta liburuaren egileak, Karmele Pérez Urraza, Gurutze Ezkurdia Arteaga eta Begoña Bilbao.

Bilboko alkateak hauxe azpimarratu du "Adelinak bere ezagutzak eta arrazionaltasun pedagogikoa erabili zituen Bilboko lehen hezkuntzako irakaskuntza eta heziketa hobetzeko. Asturiarra izanagatik bilbotartutako emakume honen figura funtsezkoa izan zen uriko gizartearen hezkuntzaren garapenean, lehenik Concha jeneralaren kaleko eskolan eta gero Solokoetxeko eskolan egindako bultzada eta lan itzelari esker."

Bere aldetik, Gonzalo Olabarria Kulturako zinegotziak Adelina Méndez de la Torreren figura nabarmendu du, irakaskuntzaren eta herentziaren ikuspegitik. "Emakume garrantzitsua XX. mendearen lehen urteetako Bilboko irakaskuntzan, irakasle modura nabarmentzeaz gain, intelektuala, hizlari eta kudeatzaile ere izan zen".

BILBOGILEAK-MEMORIA DE BILBAO BILDUMA


Sail horren xedea historian itzala utzi zuten gizon eta emakumeen nortasuna eta lana gogora ekartzea da. Iragana zorroztasun historikoaz baina modu atsegin eta erakargarrian landu nahi dute liburu-sail horretan, irakurlearentzat liburua abentura pertsonala izanik. Ideologia guztietako pertsonaiak azaltzen dira Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumako orrialdeetan; ikuspegi zabal eta integratzailearekin; artearen, politikaren, zientziaren edo kulturaren mundukoak; bihar-etziko belaunaldietarako eredu eta erreferente etikoak izan direnak.