Baiona - Lehen hitz ordua Itsasun finkatu dute bihar 20:00etan eta finala azaroan eginen da Izturitzen bertso bazkari baten inguruan.

Xilaba bi urtetik behin ospatu ohi da baina aurten ere nahi izan duzue antolatu?

-Hasieran bakarka egiten zen eta iaztik taldeka jende berria erakartzeko. Errepikatu nahi izan dugu iaz giro oso ona piztu eta jendea pozik agertu baizen. Gehiago eskatzen zuten.

Apustu handia da ez baita horrela antolatzen gisa horretako lehia?

-Bertsolariek asko parte hartzen dute antolakuntzan. Saioa beren herrian delarik antolatzen laguntzen dute. Lehiatzen ez diren saioak epai-tzen eta gaiak prestatzen dituzte finalerdiak jokatu arte. Gero, gai emaile eta epaile taldea sartzen da.

Aurten ere bertsolari berririk agertuko taulen gainean?

-Aurten iaz baino aurpegi eta ahots berri gutxiago izanen da baina Amets Arzallusekin ariko da Laida Etxeberri etorkizun handia duen neska gaztea. Lehian ariko dira ere Odei Barroso edo Maddalen Arzallus. Euskal Herri osoan bezala eta Iparraldean ere bizitasun handia du bertsoak. Ez Gipuzkoan bezala behar bada ez baitugu hainbeste bertsolaririk baina gure xokoan ere bada zer erran eta zer egin.

Zerk azal dezake berpiztea?

-Ez naiz soziologoa baina argi da Ametsek eta Sustrai Colinak bide bat zabaldu dutela. Goi mailakoak dira aspalditik, hedabideetan agertzen dira eta denbora berean oso hurbilekoak dira. Argi dago ere irakasleek lan handia egin dutela bertso eskoletan. Gaur egun, 300 haur biltzen dituzte eta hori zenbaki handia da. Gainera, ikasgela elebidun eta ikastoletan bertsogintzaren deskubritze lanak burutzen ditugu hainbat hilabetez .

Eta zuk nola bizitzen duzu bertsoa?

-Sasi bertsolaritzat daukat ene burua. Plazerra ematen dit kanta-tzeak eta gozatzen dute entzuleen erreakzioak ikustean. Jostatzen gara umorea, sentimenduak eta zakar izanez ere noizbehinka. Gainera, ez dugu batere berdin kantatzen taulen gainean Xilaba bezalako txapelketa batean edo lagun artean. Antolakun-tzan ere buru belarri eta gogo handiz ari gara.

Iparraldeko bertsolariekin batean bertako publikoa ere formatu da ezta?

-Zalantzarik gabe. Harremana sentitzen dugu. Bertsozaleak formatu dira bertso eskolen bidez batzuetan. Taulen gainera atera ez direnak saioak entzutera joaten dira. Eskain-tza gero eta handiagoa denez ohitura bat sortzen da publikoarentzat. Denbora asko pasatzen dugu bertsolaritza zer den azaltzen ere eta bide luzea egin dugu. Euskara jakin gabe zaila da dena ulertzea beraz hobe lehenik ikastea. Bertsozale elkarteak bideo berria jarri du youtuben What is bertsolaritza. Azalpenak daude frantsesez, gaztelaniaz eta inglesez. Azaltzea ongi da baina hobe senti-tzea, beraz ezinbestekoa da murgiltzea.

Taldekako Xilabaren ondotik zertan ariko zarete?

-Hernandorena saria ospatuko dugu udazkenean gazteei bidea zabaltzeko. Teodoro Hernandorenak bultzada handia eman zion bertsolaritzari eta bere omenez gazteen sariketa antolatzen dugu urtero. Datorren urtean banakako Xilaba ospatuko da eta horrek garrantzi handia du hortik sailkatzen baitira gero Euskal Herriko Txapelketa Nagusira doazen bertsolariak. Lan eta lan ari gara pausa biziki gutxirekin.