Euskal Herriko Unibertsitateko eta Biobizkaiko ikertzaile den Izortze Santin Gómezek parte hartzen duen 'SYNERGYxDM2' izeneko proiektua saritu egin du AstraZeneca Fundazioak, IX. Ikertzaile Gazteen Sarietan.
Proiektuak konbinazio terapeutiko berriak bilatzen ditu, 2 motako diabetesaren kontrola hobetzeko eta konplikazioak murrizteko, paziente horien osasuna hobetzea ahalbidetuko duten estrategia berritzaile eta pertsonalizatuen bidez. Kategoria kardiobaskularrean, giltzurrunekoan eta metabolismoan aukeratu dute proiektua, eta 225.000 euro jasoko ditu.
Valladolideko Unibertsitateko eta Valladolideko Bioosasun Ikerketa Institutuko (IBIoVALL) Beatriz Merino Antolínek koordinatzen du proiektua, eta Andaluziako Biologia Molekularreko eta Medikuntza Birsortzaileko Zentroko Alejandro Martín-Montalvo Sánchezek ere laguntzen du.
“Niretzako, baita ikerketa-taldeko beste bi ikertzailerentzako ere, sari hau jasotzea oso garrantzitsua da. Alde batetik, guk diseinatu dugun ikerketa-proiektua positiboki baloratu delako, eta bestetik, ikerketa hau aurrera eramateko diru-laguntza lortu dugulako. Gure ikerketa oinarrizkoa den arren, ikuspuntu traslazionala du, eta haren azken helburua, 2 motako diabetesa duten pertsonentzako tratamendu berritzaile eta eraginkorragoak aurkitzea da, hau da, diabetesa duten pertsonen bizitza hobetzea da. Sari honek norabide horretan egiten ari garen esfortsua saritzen du, eta hori pozgarria da. Gainera, deialdi honetara ikerketa-proiektu asko aurkeztu dira, eta gurea saritu izana, errekonozimendu itzela da eta gure ikerketa ibilbidearentzako bultzada handia”, adierazi du Izortze Santinek.
Santinek adierazitakoaren arabera, 2 motako diabetesa duten pertsonentzako tratamendu eraginkorragoak aurkitzeko, bere ikerketan, gaur egun erabiltzen den metformina farmakoa beste bi konposatu naturalekin konbinatuko dute. “Tratamendu konbinatuak eredu pre-klinikoetan (saguetan) eta giza-pankreako irlatxoetan probatuko ditugu. Gluzemian (odoleko glukosa-maila) duten efektua neurtzeaz gain, intsulinaren ekoizpenean eta señalizazioan duten efektua aztertuko dugu”. Gainera, EHUko laborategietan, haren zuzendaritzapean, tratamendu konbinatu hauen efektua azaltzen dituzten mekanismo molekularrak aztertuko dira, batez ere transkripzio-osteko eraldaketen analisa egingo delarik.
Ikertzaile Gazteen IX. Sarietan, AstraZeneca Fundazioak milioi bat euro eman zituen Espainian talentu zientifiko gaztearen garapena eta sendotzea sustatzeko. “Bizitzak aldatzen dituen bokazioa” lelopean egindako bederatzigarren edizio honetan saritutako lau proiektuek praktikan aplikatzeko ahalmen handia dute.