Eszenatokia hutsik dago. Ikusleak, bitartean, aktoreak eta dantzariak noiz helduko zain daude. Bat-batean sirena-hotsak entzuten hasten dira bozgorailuetatik, ahotsak ere bai, hainbat hizkuntzatan, “euskaldunek ez dakite dantzatzen” esaten duen lagun talde bat entzuten da azkenik. Publikoa gerria mugitzeko prest dago jada eta aktoreak eszenatokia betetzen hasi dira, kalejiran igo dira oholtzara.

Ugaitz Alegria, Jon Zubiaga, Maite Fombellida, Olatz Pagaldai, Nagore Gonzalez eta Gaizka Chamizo dira ordu bete inguruz euskaldunon topikoetan topikoena hausteko ardura daukatenak. Izan ere, euskaldunak dantzan ondo moldatzen ote diren frogatzera datoz Txapela buruan eta dantza munduan emankizunarekin.

Eidabe Ekimen Kulturalak taldeak sortu du ikuskizun bizi eta jostagarri hau. “Umeak, gazteak eta hain ume ez direnak dantzan eta jolasean jartzea izan dugu beti helburu eta hori lortzeko beti ari gara buruari bueltak ematen”, azaldu du Birjinia Larak, Eidabeko koordinatzaileak. “Euskaldunok sosoak izateko fama dugu -jarraitu du-, ez dakigula dantzatzen esaten dute askok, baina hori egia ez dela frogatu nahi izan dugu oraingoan”.

MUNDU OSOKO DANTZAK Aurretik sortu dituzten ikuskizunekin bezala, oraingoan ere heldu zein gazte inplikatzea dute helburu: “Proposatzen ditugun dantza eta jolasetan parte hartzea eta jendeak ondo pasatzea”, da Eidabeko lagunen asmoa. “Euskaldunok dantzatzen badakigula erakutsi nahi dugu, edo behintzat horretan saiatzen garela erakustea”, gehitu du Larak. Publikoa alaitu, animatu eta parrandarako gogoa piztuaraztea du helburu berriz Ugaitz Alegriak. Ondarroako aktorea ikuskizuna zuzentzen ibili da eta koreografia guztiak berak sortu ditu. “Hainbat lurraldetako dantza eta musika estilo desberdinekin topo egingo du jendeak; gu oholtza gainean eta jende artean ibiliko gara, ikusleek ere koreografia horiek dantzatuko dituztelako”, jakinarazi du. Euskal Herriko, Mexikoko eta Balkanetako dantzak dira, besteak beste, jendea mugiaraziko dutenak, baina herrialde horiez gain, estilo desberdinetako dantzak ere izango dira: rock&rolla, heavya, dantza modernoa eta beste hainbat”.

Ekainean ekin zion Eidabek Txapela buruan eta dantza munduan ikuskizuna jendaurrean eskaintzeari. Gasteizen izan zen estreinaldia, Euskal Eskola Publikoaren jaian, eta dagoeneko Euskal Herriko hiri, herri eta auzo askotan ibili izan dira bertako ume, gazte eta helduak dantzan jartzen. Lararen arabera, “oso harrera ona” izaten ari dira.

GIZARTEARI BEGIRA Ume eta gazteen aisialdia kudeatzen egiten dute lan oro har Eidaben eta antzezlanak sortzeaz gain, udalekuak, ludotekak, jaiak? ere antolatzen dituzte. Taldeak ikuskizunen bat sortu eta ekoizterako orduan, kezka sozialak izaten ditu ardatz. “Ume eta gazteengan eragiteko asmoz lan egiten dugu eta, aldi berean, artistikoki pausu berriak eman nahi ditugu formari dagokionez”, azaldu du koordinatzaileak.

Taldeak hamaika urte daramatza kale antzezlanak sortzen; aurreneko sorkuntza Kanpanolue izan zen. Garai hartan ere, filosofia bera zen taldea mugitzen zuena: “Dantzan jarri nahi izan genituen ikusleak”, kontatu du Larak. Urte hauetan guztietan, “kaleko zein aretoko hamabi ikuskizun ekoiztu ditugu eta hamahirugarrena ere martxan da jada”, gaineratu du taldeko koordinatzaileak. Udazkenerako estreinatuko dute Zutuberrak izeneko antzerki obra. Txapela buruan eta dantza munduan obrarekin ez bezala, hau aretoetan eskainiko dute.

Baina horiek epe luzerako planak dira. Momentuz, uda amaitu arte behintzat, alde batetik bestera ibiliko dira Txapela buruan eta dantza munduan ikuskizunarekin. Hil honetarako agenda bete betea daukate dagoeneko. Gaur bertan Gasteizen dute zita. Hilaren 9an berriz, Dulantzin; 14an, Donostiako Egia auzoan; 17an, Legazpin; 21ean, Etxebarrin; 28an, Oñatin eta 29an Iruran izango dira.