Abadiñoko probalekua lehiaketa berezi-berezi baten egoitza bihurtuko da irailaren 27an, bertan ospatuko baita Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketaren lehenengo edizioa. Egun horretan, Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAMEk) ekintzaz beteriko egitaraua garatuko du goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara.

Gustu eta adin tarte guztientzako programa osatu da: Euskal Herriko eta Nazioarteko Txapelketak, tresnerien erakustaldiak, umeentzako tailerrak, Eusko Label produktuak dastatzeko aukera eta ardi eta artile produktuen azoka. 

Historian lehen aldiz, Euskal Herriko moztaile txapelduna nor izango den ezagutuko da. Euskal Herriko Txapelketaz gain, gainera, Nazioarteko Txapelketa ere jokatuko da Abadiñon. Euskal Herriak, Eskoziak, Irlandak, Herbehereak, Frantziak, Espainiak eta Alemaniak neurtuko dituzte indarrak bertan. Maila handiko moztaileak. Teknika, abiadura eta trebezia handiko ikuskizuna. Guztira, 60 moztaile arituko dira lehian eta Euskal Herriko 700 ardiri moztuko diete ilea.

Bi dira Euskal Herriko eta Nazioarteko Txapelketan ardi moztaileak lehiatuko diren modalitateak: makina eta guraizea. Makina bidezkoan, ardiaren ilea elektrizitate bidezko makinarekin kenduko dute. Guraize modalitatean, ardien ilea eskuzko artaziekin moztuko dute.

Goizetik hasiko dira lehiak. Goizaren lehen zatian, eguerdira bitarte, Euskal Herriko Txapelketaren eta Nazioarteko Txapelketaren kanporaketak jokatuko dira. Arratsaldean, aldiz, 16:00etatik aurrera fi nal-erdiak eta fi nalak jokatuko dira. Euskal Herriko Txapelduna eta Nazioarteko Txapelketako selekzio garailea ezagutuko dira arratsalde amaieran.

Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) antolatutako txapelketak, Abadiñoko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren, Urkiola Landa Garapenaren, Eusko Labelen, EKFBEuskal Kirol Federazioen Batasunaren, Eusko Jaurlaritza-Euskadi Basque Countryren eta Udalbiltza Euskal Herriko Udalen patzuergoaren babesa du. Halaber, Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunaren, EITBren, Eako Udalaren, Erromantzazuko Udalaren, Uharte-Arakilgo Udalaren, Venoren eta Gu ere bai-en laguntza ere badu.