BILBO. Lorea Perez de Albeniz zinemagileak zuzenduriko "Itsasoari begira" dokumentalaren proiekzioa izango da datorren ostiralean, maiatzaren 22an, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaia Aretoan, Bilbon.
Itxaso izeneko 17 urteko neskak eta Maier bere amak protagonizatzen dute filma, eta guraso orok seme-alabentzat dituzten kezka edo zalantzetatik abiarazi zen proiektua, EHUk jakinarazi duenez.
Kasu honetan Maier eta bere senideek neskatilarentzat dituzten arranguretan dago abiapuntua.
Gaixotasun neurologiko batekin jaioa da Itxaso, eta horrek ohikoak ez diren zenbait tirabira sortzen dizkie hurbilekoei.
"Lekukotasun eta ibilbide horretan oinarrituta, haur 'ezberdinen' mundua ulertzeko parada ezin hobea da dokumentalak eskaintzen diguna", azaldu du EHUk.
Zesatenjuenaz kooperatiba taldeak eta bere parte diren EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasle zein irakasleak eta Lorea Perez de Albeniz zinemagilea ibili dira dokumentalaren ekoizpen lanetan.
Gainera, Perez de Albeniz Maierrekin batera egongo da ostiraleko proiekzioaren ondotik ikusleekin ikus-entzunezko proiektu honetaz solasean.
Ekitaldia 20:00etan hasiko da eta, sarrera dohainik bada ere, gonbidapena eskuratzea komeni da. Pelikula euskaraz eskainiko da, gaztelaniazko azpitituluekin.