Urtero bezala, Bilboko Udalak garrantzia handia emango dio pirotekniari Aste Nagusian. Abuztuaren 16tik 22ra bitartean, Bilbao Hiria Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren 33. edizioa ospatuko da, eta bertan parte hartuko dute mundu osoko piroteknia-etxe ospetsuenak. Arabako Valecea piroteknia-etxeak, bestalde, programazioari amaiera emango dio larunbatean, hilak 23, erakustaldi batekin.
Horrela, 22:30etik aurrera, su artifizialek Bizkaiko hiriburuko zerua argituko dute berriro, arrakasta handieneko jarduera batean, gauero 100.000 pertsona bertaratzen baitira batez beste.
Ikusleek gozatu ahal izango dute piroteknia-konpainieek adieraziko duten profesionaltasun- eta sormen-alardeaz, tresna horiekin arituko baitira lehiaketak ematen dituen bi sariak eskuratu ahal izateko: Ikusleen Saria eta Epaimahaiaren Saria.
Bilbao Hiria Nazioarteko Su Artifizialen Lehiaketaren 33. edizio honetan 7 piroteknia-etxe lehiatuko dira:
- Abuztuaren 16an, larunbata: Caffero Piroteknia (Herbehereak)
- Abuztuaren 17an, igandea: Pirocenter Piroteknia (Brasil)
- Abuztuaren 18an, astelehena: Beisel Pyrotechnik (Alemania)
- Abuztuaren 19an, asteartea: Kuma Fireworks (Canadá)
- Abuztuaren 20an, asteazkena: Artefogo Piroteknia (Galizia)
- Abuztuaren 21ean, osteguna: Fétes et Feux Prestations (Frantzia)
- Abuztuaren 22an, ostirala: Di Matteo Fireworks (Italia)
Bestalde, abuztuaren 24an (larunbata), 22:30etik aurrera, Valecea Piroteknia arabarrak amaiera emango die Aste Nagusiko su artifizialei, erakusketa-ikuskizun batekin.
Ikusleen saria
Ikuskizunez gozatzeaz gain, herritarrek aukera izango dute Bilbao Hiria Su Artifizialen XXXII. Nazioarteko Lehiaketaren balorazioan aktiboki eta zuzenean parte hartzeko eta Ikusleen Sariaren irabazlea aukeratzeko botoa emateko. Gainera, parte-hartze hutsarekin, lehiaketaren babesleek emandako sariak jasotzeko aukera izango dute.
Botoak "Bilbao Aste Nagusia 2025" mugikorrerako aplikazioaren bidez eman ahal izango dira (App Store-n eta Google Play-n deskarga daiteke), edo abuztuaren 16tik 22ra bitartean El Correo egunkarian argitaratuko diren partaidetza-kupoien bidez. *(Informazio gehiago II. ERANSKINEAN).
Epaimahaiaren saria
Lehiaketako epaimahaiak Aste Nagusiaren azken egunean, abuztuaren 24an (igandea) jakinaraziko du nor den epaimahaiaren sariaren irabazlea. Hauek izango dira epaimahaiko kideak: Itziar Urtasun, Berdintasun eta Jaietako zinegotzia; Begoña Escribano, Musika-Mísica jaialdiko eta Gau Zuriko zuzendaria; Raul Cancedo, Hortzmuga antzerki-konpainiako zuzendari artistikoa; Carmelo Lezama, El Corte Inglés enpresaren ordezkaria; Rosa Pardo, Zazpi kaleetako Merkatarien Elkarteko ordezkaria; Antonio Barrena, El Correoko ordezkaria; José Mª Amante, Bilboko Konpartsetako ordezkaria. Jone Larrazabal, Udaleko Berdintasun eta Jaietako zuzendaria, Epaimahaiaren idazkaria izango da, eta Aitor Valdecantos, Valecea piroteknia-etxekoa, Epaimahaiari aholkuak emateko arduraduna.
Aurreko edizioetan bezala, epaimahaiak hainbat alderdi eta elementu hartuko ditu kontuan ikuskizun piroteknikoetan:
- Aire-espazioaren okupazioa.
- Originaltasuna eta efektuen aniztasuna.
- Erritmoa eta jarraitutasuna.
- Aniztasun kromatikoa, argitasuna, dimentsioak, diseinu eta formen perfezkioa.
- Inguruarekiko konjuntzioa.
- Jendearen onarpena.
Ikuskizunetako segurtasun-dispositiboa
Su artifizialen ikuskizunei lotutako segurtasuna bermatzeko eta areagotzeko, Bilboko Udaleko Suteak Itzaltzeko Zerbitzuak zenbait neurri hartuko ditu. Hona hemen:
- 125 milimetroko kalibreko su artifizialak: bota beharreko lehergailuen karkasek 125 milimetroko kalibreko muga izango dute
- Gai piroteknikoak jaurtitzeko eremua urrutiago jarriko da, babes-hesiekin: gai piroteknikoak Mallona atzealdeko belar artifizialezko futbol-zelaitik jaurtiko dira.
- Droneen aireko kontrola: droneek hegaldiak egingo dituzte, prebentzio gisa, suteak edo puntu beroak antzemateko, suak jaurti bitartean, nahiz jaurti ostean ––su artifizialak amaitu eta 30 minutuan zehar, gutxienez. Informazio guztia bideo bidez jasoko da, artxibatzeko nahiz gorabeherarik izanez gero kontsultatzeko.
- Suhiltzaileen kamioia Itxaropen kalearen eta Epaltzaren Alargunaren kalearen inguruetan jarriko da.
Su artifizialak bertan behera uzteko protokoloa
Gainera, 989/2015 Errege Dekretuaren arabera (piroteknia-gaien eta kartutxoen erregelamendua), haizeak 36 km/h-ko abiadura gainditzen badu suak bertan behera utzi behar dira; beraz, Udalak dispositibo berezi bat dauka aurreikusita, beharrezkoa izanez gero, herritarrei suak bertan behera geratu direla jakinarazteko.
Su artifizialak ahal denik eta seguruenak izateko eta edozein aldaketa edo larrialdi-egoera ahalik eta arinen jakinarazteko, inplikatutako uda-sailak euren artean koordinatuta arituko dira, Bilboko Udalaren Babes Zibileko, Jaietako eta Komunikazioko langileen eskutik; eta Bilboko Konpartsen laguntzarekin, Areatzan, eta inguruko hainbat gunetan kokatutako beste txosna batzuen laguntzarekin; barraketako langileak eta Zirkua Etxebarria parkean, eta MetroBilbao, Bilbobus, Bizkaibus, Euskotren, Euskotran eta Renfe.
Suak bertan behera gelditu direla abisatu behar izanez gero, ikuskizuna hasteko orduan honela abisatuko litzateke:
- Festa-guneetako megafoniatik mezu bat irakurriko litzateke suak bertan behera utzi direla esanez.
- MetroBilbao, Euskotren eta Euskotran, Bilbobus, Bizkaibus eta Renferen informazio-panelen bidez edo megafonia bidez ere jakinaraziko litzateke.
- Udalaren sare sozialetan ere jarriko litzateke oharra.
Suak ikusteko lekurik onenak
Bilboko Udalak itsasadarreko ezkerreko bazterra gomendatzen du, Nafarroa kaletik Uribitarte pasealekura, hori baita gauetan jaurtiko diren su artifizialak ikusteko gunerik onena.
Badaude beste leku batzuk ere, hain ikuspen ona izan ez arren egokiak direnak: Arriaga plaza, Areatzako gune batzuk, Ernesto Erkoreka plaza, Campo Volantin pasealekua, Etxebarria parkea eta Uribitarteko pasealekua, Zubizuritik Guggenheim-era, daude.
Ordea, ez dira gomendagarriak Areatzako zubia, Udaletxeko zubia eta Zubizuri; gainera, leku horietatik ez dira ondo ikusten lurreko eta altuera txikia hartzen duten suak.
Gainera, Udaletxeko zubian, Zubizurin eta Areatzako zubian -Erripa kalearen eta Areatzako kaiaren artean- jende asko pilatzen da eta hortaz, kontu handiz ibili behar dute umeekin doazenek edo mugitzeko zailtasunak dituztenek, jendetza batzen baita. Ildo horretan, gertuen dagoen ihesbidea lokalizatuta edukitzea gomendatzen da, eremu horietakoren bat hustu behar bada ere.