BILBO. Ekitaldian liburuaren hainbat atal errezitatuko dira, Himalaiako musikak eta irudiek lagunduta.

Egileak berak grabatu zituen irudiak, 2010ean Tibeten dagoen Shisha Pangma (8.027 metro) mendira egin zuen espedizioan. Berarekin batera Unai Elorriaga idazlea eta Juanjo San Sebastian mendizalea egongo dira aurkezpenean, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Shisha Pangma mendira egindako espedizioan, Juanra Madariagak Unai Elorriagaren "SPrako Tranbia" liburua eraman zuen bidelagun. Mendizale eta idazle bilbotarrak, "espedizioak sortzen zizkion beldurrak, altueran irakurtzearen plazerra, lilura zen hura merkataritza produktu bilakatzearen aurreko ardura, bakardadetik eta natura basatitik sortzen den poesia eta, azken finean, tontorrerako bidean egin zuen barne bidea konpartitu zituen Lucasekin, Unai Elorriagaren liburuaren protagonistarekin".

Literaturan eta ingurune hartan finkatutako harreman hartatik sortu zen "eSPedizioa: Mendi ororen pisua".

Aurkezpen ekitaldian liburuaren zenbait testu irakurriko dira, hainbat espedizio egin eta gero mendizaleak ondo ezagutzen dituen Himalaia mendikateko musikak eta irudiek lagunduta. Bi adiskide izango ditu ondoan: Unai Elorriaga idazlea eta Juanjo San Sebastian mendizalea.

EGILEA

Juanra Madariagak Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta gaur egun Nontzeberri kultura argitalpen digitalean egiten du lan. 1988an Bizkaiko Aldundiaren Poesia saria irabazi zuen, hurrengo urtean erakunde berak argitaratu zuen "Imentzioaren pergamuak" bildumari esker. 1992an "Galera errepikatual" argitaratu zuen, eta urtebete geroago, 1991n Imagina Ezazu Euskadi Saria irabazia zuen "Elaien ausardia". 1996an "Argia sortzen den izartegia" lanak Kritikaren saria irabazi zuen, eta 2000n, Euskaltzaindiak eta BBK-k deitzen duten Felipe Arrese Beitia poesia saria lortu zuen.

Madariagak bere poemen antologia ere argitaratu du: "Orbanak" (2001). Bere poemetako batzuk gaztelaniaz ere irakur daitezke, "Ultimísima Poesía Española" liburuan. 2001ean "Física" poesia liburua argitaratu zuen, 2003an "Izozmendiak" eta 2009an "Eroriaren logika". Bere lanaren parte bat ingelesera, italierara, portugesera, katalanera eta gaztelaniara itzulita dago.