MURGIA. Kanpoko giro hotza epeltzen jakin zuten atzo oholtzan batu ziren sei bertsolariek. Une gogoangarri gutxi izan zituen arren, bataz besteko maila ona mantentzen jakin zuten, puntuaketa lekuko: Xabier Silveira izan ezik, atzoko beste bostak finalerdien hurrengo faserako sailkatu dira. Sustrai Colina irabazlearen 706 puntuen atzetik, Beñat Gaztelumendik 697 erdietsi zituen, finalerdietako orain arteko altuenenetan laugarrena. Aitor Mendiluzek ere, 694,5ekin, lan bikaina egin zuen. Unai Agirrek, 670 puntu batuta, aurreko hirukotea urrun izan zuen, baina finala jokatzeko aukera bizi-bizi mantentzen du. Fredi Paiak, atzo bosgarren egin arren (661,5 puntu), bederatzi bertsolari baino ez ditu aurretik izango bigarren itzuliari ekiteko. Xabier Silveira, aldiz, gorabeheratsu ibili zen, bere onena eman ezinda eta, 622,5 punturekin, amaitu du aurtengo txapelketako jarduna.

Kanpoko giroak eraginda, hotz samar hasi zen saioa, taulatuan izen handiko bertsolariak egon arren (aurreko aldian finalista izandako Colina eta Mendiluze tartean). Fredi Paia eta Beñat Gaztelumendik, zortziko txikiko ofizioan, bertsoporno kontzeptua atera zutenean, ordea, tenperaturak gora egin zuen. Arratsaldeak aurrera egin ahala, ale politak entzun ziren, baina bertsolari batek ere ez zuen nabarmentzea lortu; seikotea bere osotasunean izan zen atzoko jardun politaren erantzule. Berdintasun giro horretan etorri zen kartzelako gaia: "Dena prest duzu, gonbidatuak baino ez dira falta", jarri zien gaia Zuriñe Iarrituk. Aitor Mendiluzek egin zuen kartzelakorik onena, anaiari afari ederra prestatu eta, hura ager-tzen ez dela ikusita, larritzen hasi den pertsonaren paperean. Kezkaz betetako bertsoaldia, ordea, baikortasun printza batekin biribildu zuen Mendiluzek: "Errepidean edozer gerta/ Edo edonork oztopa/ Berdin baztarra jo edota/ Koska gainera igota/ Beldur guztiak dauzkat barruan/ Eta odola borborka/ Ez diot nik txarrik opa/ Hara ba tinbrea joka/ Nire bihotza saltoka/ Berriz irrifar egin dezaket/ Anaia hemen dago-ta/ Zopan kikara hoztu egin da/ Baina ez zait inporta".

Sustrai Colinak bere burua maitalearen zain jarri zuen. Bertsoaldiak aurrera egin ahala, hura hil egin zela kontatu zuen. Urruñarrak saio polita egin zuen, baina ez zen konforme geratu ("ez naiz erabat gustura egon"; "egia esan, ez nuen irabaztea espero"). Bere burua "galduta" sumatu zuen saioan, baina, hala ere, epaileek Colinaren bertsoera zuzena eta ideia sendoak ontzat jo zituzten. 706 punturekin, Barakaldoko finala gertu dauka ("hurrengo saioan tentsio puntu hori harrapatu nahiko nuke").

Colinaren antzera, Beñat Gaztelumendi ere pausu sendoz sartu da finalerdietan. Saio erregularra ondu zuen eta ariketa guztietan eroso aritu zen. Irabazi ez arren, finalerdien bigarren itzulirako postu ona lortu du eta bere lehenengo finala hurbil dauka. "Beti egoten da zalantza, baina oholtzan eroso egon naiz", aipatu digu Añorgakoak. Ofizioetan "gustura" egon zela adierazi du, "saio fuerte bat izan da, maila onekoa". Aitor Mendiluzek, bere aldetik, eskarmentua alde duenaren patxada baliatu zituen puntuaketa ederra lortzeko. Unai Agirrek, akaso, ez du aurreko hiruren izenik, baina ondo moldatu zen eta, laugarren postua baino, 670 puntuak ditu sari, finalean sartzeko borrokan bete-betean murgildu baitute. Fredi Paia ere txukun aritu zen, ausart eta umoretik joz gehienetan. Fredirik autentikoena ikusi genuen atzokoan, ikusleek eskertu zuten bere freskotasuna eta, gainera, finalean egoteko aukera badauka. Xabier Silveirak ez zuen arratsalde ona izan. Puntuari erantzuten ez zen fin ibili (gaiak eta errimak ez zioten lagundu, egia esatera) eta, gainerako ariketetan ere, erritmoa hartu ezinda ibili zen. Bigarren itzulitik kanpo geratu da, baina, Paiaren moduan, Silveirak ez zuen konplexurik izan atzokoan eta bertsolari berezia dela erakutsi zuen. 1.180 ikusle batu ziren Murgian eta pozik egoteko moduan dira, banakoen gainetik, multzoak saio dotorea eskaini baitzuen.