BILBO. Bilboko Orkestra Sinfonikoak hirian (eta Euskal Herrian) berri berria den egitasmo bat aurkeztu zuen atzo jendaurrean, seguru asko musikazaleen bozkarioa eragingo duen proiektua. Honela, 40 musikari amateur aukeratuko dituzte ondorengo asteetan. Zertarako? Ezkutuan praktikatzen duten zaletasuna berreskura dezaten. Eta nola lortu nahi dute? Beraientzat ikastaro berezi batzuk antolatuz.
Horretarako, BOSlaris izeneko egitasmoa prestatu du BOSek, hots, trebakuntza programa bikaina, non zaleek ganberako musikan hasteko, praktikatzeko edo hobe-tzeko aukera zabala izango duten. BOSeko zuzendari nagusi den Ibon Aranbarrik honela azaldu zituen atzo proiektuaren nondik norakoak: "Programa berri honek musikaren praktika sustatu nahi du, batez ere Bilbo inguruan eta musika profesionaletik aparteko esparruetan; era berean, loturak sortu nahi ditu BOSeko irakasleen eta zaleen artean, eszenatokiaren eta publikoaren arteko bereizketa ohikoa apurtuz".
"Talentu ezkutukoak badira Bilbon, ondotxo dakigu hori, eta talentua duten zaletu horiek zirikatu nahi ditugu, Bilbon musikaren praktika sustatzen dugun heinean. Sare sozialetatik dakigu hirian badagoela etxean musika-tresnaren bat jotzen duen nahikoa jende, edo garai batean jotzen zuena eta aspaldian zaletasun hori baztertuta daukana. Horiei guztiei zuzenduta dago BOSlaris programa", gaineratu zuen Aranbarrik.
profesionalik ez Egitaraua eta ikasgaiak Orkestrako musikarien esku geratu dira. Honela, BOSeko zazpi irakaslek eskainiko dute ikastaroa, beste hiru erreserban gelditzen direla.
Oraingo honetan parte har dezaketenen kopurua mugatu egin nahi izan dute BOSekoek; honela, 40 lagun hartuko dituzte estreinako aldian. "Ez dugu profesionalik ametituko", azpimarratu zuen atzo Aranbarrik, "eta izena emateko epea zabalik dago azaroaren 25era arte". Matrikula egin nahi duenak 30 euro ordaindu beharko ditu (25 euro BOSeko abonatuen-tzat). Hortik aurrera hasiko dira sailkatze lanak. "Badakigu talde homogeneoak egitea ez dela erraza izango, baina probak egin ostean ahaleginduko gara maila berekoak elkarrekin jartzen", agindu zuen BOSeko zuzendari tekniko den Borja Puyolek. "Musika-tresnak elkartzen" ere ahaleginduko direla esan zuen. Proi-ektu berria denez, tentu handiz ibili behar dutela esan zuen atzoko prentsaurrekoan Borja Puyolek. Printzipioz ez dituzte baldin-tza gogorregiak jarri, baina zeha-tzak bai. "Aurkezten direnek musika ezagupena eduki beharko dute, hau da, hari-instrumentuak, haize-instrumentuak, egurrezkoak, pianoa, arpa, perkusioa edo gitarra klasikoa jotzen jakin beharko dute. Beste instrumenturen bat ere ametitu genezake, beti ere ganbera musikan erabiltzen bada".
Hamazortzi urtetik gorakoei zu-zenduta dago BOSlaris, "jada ume-txoentzako musika heziketa eskaintzen duten programek ganbera musika bultzatzen dutelako". "XX mende hasieran itzelezko gorakada izan zuen kamera musikak Bilbon eta Bizkaian, musikazale konkretu batzuei esker. Denak ziren afizionatuak, eta guk espiritu hori berreskuratu nahi dugu, musikari amateurrei eskaintza berezi hau eginez", aitortu zuen, azkenik, Borja Puyolek.