bilbao. Ane Santesteban errenteriarrak mendean hartu zuen Espainiako Txirrindularitza Txapelketa, atzo Bembibren (Leon) antolatutako errepideko proban. 22 urteko txirrindulari gaztea bakarrik helmugaratu zen, iaz sub´23 kategorian irabazi ostean bere maila erakutsiz.

Ana Lopez madrildarra eta Mayalen Noriega kataluniarrak jo zuten ihesaldira lasterketaren lehen pasartean, baina Santestebanek berak eta Lucia Gonzalez asturiarrak ezer ezean utzi zuten haien saiakera azkar batean. Momentu hortatik aurrera erraz hartu zuen tartea gipuzkoarrak gainon-tzekoekiko.

Bigarren postuan, eta euskaldunarekiko 1:19ko tartearekin, Noriega heldu zen, hura ere bakarrik. Gonzalez izan zen hirugarrena Leongo helmugan, eta Leire Olaberria gipuzkoarra, osteguneko erlojupekoan zilarra lortu zuena, azken txanpa bikaina burutu zuen eta podiumetik hurbil geratu zen laugarren sailkatuta.

Espainiako Txapelketa nagusiko maillotarekin hastear dagoen emakumeen Italiako Giroaren aurrean sasoi ezin hobean dagoela erakutsi nahi izan zuen horrela gipuzkoarrak. Bere taldearekin, Bizkaia-Durangorekin, alegia, emaitza paregabea lortzeko aukera apartaren aurrean dagoela badaki, eta hala adierazi dio Espainiako Txirrindularitza Federazioari: "Egoera oso onean aurkitzen naiz".

Zirrara gehiago egon zen sub´23 kategoriako modalitate berdineko frogan. Bertan Dorleta Eskamendi euskaldunak ezin izan zuen txapela eskuratu eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zen. Lasteketa esprintean heldu zen helmugara, eta bertan Sheyla Gutierrez errioxa, bosgarrena kategoriako sailkapen orokorrean, nagusitu zen azken metrotan. Ainara Eibusto nafarra ere gehitu zen saltsara amaieran, eta brontzezko domina erdietsi zuen.