Mungiako Udalak, pandemiaren bilakaera kontuan hartuta, San Antontxu azoka bertan behera uztea erabaki du. Udaletik azaldu dutenaren arabera, azoka bertan behera utzi bada ere, Udalak eutsi egingo die "osasun-agintaritzak emandako gomendioak beteta egin daitezkeen kultur eta kirol jarduerei". Urtarrilaren 18an ospatu ohi den San Antontxu eguneko azoka ez ospatzea erabaki zaila den arren, pandemiaren bilakaera ez da ona, eta une honetan arduraz jokatu nahi izan da.

"Bigarren urtez jarraian jai hau bertan behera uztea erabaki zaila izan da, San Antontxu oso egun garrantzitsua baita gure herriaren identitatearentzat, baina arduraz jokatu behar dela uste dugu, mungiarren osasunari lehentasuna emanez", azaldu du Ager Izagirre Mungiako alkateak. Egun horietarako programatutako kultur eta kirol jarduera batzuk ospatzeko aukera izango da, izan ere, "ekintzotan osasun-agintaritzak emandako segurtasun-neurriak eta gomendioak errespetatu ahal izango dira".

Horrela, "mungiarren egutegian garrantzi berezia daukan San Antontxu egunari berea ematen saiatuko gara". Esate baterako, urtarrilaren 15ean, larunbata, Kalakan taldeak Artizar diskoa aurkeztuko du Olalde Aretoan, 20:00etan; eta urtarrilaren 16an, igandea, Andra Mari gunean bertso-saioa eskainiko da, Nerea Ibarzabal, Jone Larrinaga, Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolari ospetsuek parte hartuko dute bertan, 13:00etatik aurrera. Urtarrilaren 23an, Mungia Atletismo Taldeak antolatuta, San Antontxu Herri Krosaren 2022ko edizioa egingo da, "egoerak ahalbidetzen badu". Urtarrilaren 17an, 20:00etan, Lehendakari gaia an- tzezlanaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek Olalde Aretoan. Hurrengo egunean, oholtza horretan bertan, Glu-Glu konpainiak Perez sagutxoa haurrentzako an- tzezlan musikala eskainiko du. Azkenik, urtarrilaren 23an, Enrique Villarreal El Drogas izango dugu Olalde Aretoan, bere Akustik fraktion izeneko liburu eta disko berria aurkezten". Gainera, urtarrilaren 16an, hileko hirugarren igandean, ganadu feria egingo da. "Bertan, animaliak saldu eta erosteaz gain, bertoko produktuak ikusteko zein erosteko eta txakurrak adoptatzeko aukera egongo da, baita beste hainbat jardueratan parte hartzeko ere", azaldu du Izagirrek.