- Azken hilabeteetan hainbat dira ekimen sozialak aurrera eraman dituzten erakunde eta giza-elkarteak, izan ere, oso eragin larriak izan ditu koronabirusaren izurriteak. Derioko Udalaren kasuan, Athletic bezalako entitate potente batekin elkarlana sinatu du; kasu honetan Athletic Club Fundazioarekin kolaborazio hitzarmena sinatzen lehenengo Udala izanda. Asteazkenean, Esther Apraiz, alkatea, Nekane Aiarza, alkateordea, Aitor Elizegi, Athletic-eko lehendakaria, eta Juan Carlos Ercoeraca, Athletic Club Fundazioko lehendakaria, Ibaiganeko dorretxean izan ziren elkarlanerako dokumentu hau sinatzen eta, honen arabera, Udalak Fundazioari gizartea hobetzeko lanean laguntzeko konpromisoa hartu du. Ideia da Bizkaiko gainerako udalek ere aukera izatea ekimen honekin bat egiteko. Guztion ongizatearen eta Garapen Iraunkorrerako Helburuen alde lan egitea da Fundazioaren asmoa. “Ekimen berri honen helburua Fundazioaren eta udalen arteko akordio horiek nolabait ofizial egin eta zabaltzea da; horrela, Fundazioaren gizarte-, ingurumen-, kirol- eta kultur ekimenak udalerri horietan garatu ahal izango lirateke”, azaldu zuten Derioko Udaletik. Horrenbestez, erakundeak izan ditzakeen proiektuetan laguntzeaz gain, herri gehiagoko Udalen partaidetza gehitzea bilatzen da akordio honen bitartez. Beste alde batetik, zeharkako lankide-tza bide gehiago aztertu nahi dituzte hitzarmeneko bi aldeek; Fundazioarekin lan egiten duten Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko elkarteentzat onuragarri izan dadin elkarlana.

Sinatutako dokumentuaren arabera, Derioko Udala Fundazioarekin lanean arituko da Athletic-ek antolatutako proiektuetan laguntzen. Mota askotako proiektuak izan ohi dira hauek; gehienak gizartearen onura eta kulturaren sustapena oinarri izanda. Honen eredu dira urtean zehar antolatzen dituzten ekimenak; Thinking Football zinema jaialdia, irakurketa tailer eta klubak, adingabeen babesaren inguruan teknikari zein familia eta haurrei ematen zaien prestakun-tza, nutrizio munduaren inguruko mintegiak, kirol eta psikologia alorretako formakuntza edota hirugarren adineko pertsonentzako ergonomia saioak. Horrenbestez, eguaztenean Ibaiganen sinatutakoaren arabera, Fundazioko ongile figura izango du Derioko Udalak hemendik aurrera, horrenbestez, oso posiblea da Txorierriko eskualdean kokatutako herria Athletic-ek antolatutako zenbait ekintza sozial zein kulturalen eszenatoki edo agertoki izatea.