mungia - Mungiako biztanleria irrikitan dago apirilaren 6a, zapatua, heldu dadin. Olalde Aretoak, arrastiko 20:00etatik aurrera, Gure Etxea antzezlana jasoko du bere eszenatoki gainean estreinakoz. Baina ez da erakustaldi arrunta izango, izan ere, herri antzerkia izango da. Glu Glu eta Markeliñe produkzio etxeen eta Mungiako Udalaren artean ekoiztutako lana mungiarrek eramango dute ikuslegoaren aurrera. Hots, herriko biztanleek egingo dituzte, aktoretza lanetaz gain, ileapaindegi, jaizkera eta bestelakoak.

Orotara, 210 pertsonatik gora izango dira herri antzerkiko partaide eta, euren artean, profil ezberdinak dituzten langile ugari daude, 2 eta 80 urte tarteko neska-mutilak direla kontuan hartuta. Badaude antzerkigintzaren munduan ibilbide luzea daukatenak eta bertan lehenengo pausoak ematen hasi direnak Gure Etxea antzezlanarekin. Leire Bilbaoren kasua da. Mungiar gaztearentzat jende askoren aurrean eszenatoki garrantzitsu batean parte hartuko duen estreinako aldia izango da. “Egia esan, orain dela denbora asko ez dut jende aurreko agerpenik egin. Nire garaian, dantzari eta abeslari bezala aritu nintzen maiz, baina beti talde lanetan”, aitortu zuen aktore mungiarrak.

Zein arrazoi izan zitekeen Leirek proiektu herrikoi honetan murgiltzea erabakitzea eragin zuena? Barne borroka: “Ekimenaz gozatzeaz gain, erronka pertsonala da niretzako. Jende aurrean hitz egiteak edo antzezteak lotsa handia ematen dit eta herri antzerkia aprobetxatu dut beldur honi aurre egiteko. Mungiar askoren arteko ekintza da gainera eta horrek erakargarritasun handia gehitzen dio kontuari. Beldur eszenikoa galtzeko aukera aparta da”. Erronka pertsonal hau ez da Leirek bakarrik burutuko duen lana. Familia kontua da. Berarentzako suposatzen duen ahalegina belaundaldi artean bideratu nahi du aktoreak. Horregatik, berarekin bat bere hiru urteko alaba sartu du Gure Etxean. “Oso esperientzia polita izango da eta etxeko txikiarekin partekatu nahiko nuke. Abentura hau elkarrekin bizi”, aitortu zuen.

Baina jende hasiberriaz gain, badago antzelanen munduan ibilbide zabala daukaten kideak. Mila Goikoetxearen kasu. Mungiarrak hainbat urte daramatza antzerki herrikoietan parte hartzen. Gainera, eskolan ere hainbat haur antzerki antolatu izan ditu, irakasle lanetan ibilia da eta. “Betidanik gustatu izan zait antzerkigintza. Gizarte talde askoren arteko nahasketak emaitza ederra daukala uste dut kasu hauetan. Adierazpen eta inklusiorako tresna berezia da, harreman estuak osatzeko aparta”, aitortu zuen mungiarrak. Nahiz eta, lehenengo herri antzerkietan ikusle izan, 2000 eta 2005 urteetan antolatutakoetan koordinazio lanetan laguntza handia eskaini zuen Milak eta, oraingoan ere, aktore eta langile lanak uztartu egingo ditu. “Kontuan izanik gure nortasun eta historioa direla antzezlanaren oinarri, oso garrantzitsua izan da mungiar askoren ekarpena, honek hurbiltasun handia emango dio produktuari”, adierazi zuen.