LAUDIO. Laudioko Udalak hastear diren Gabonetarako egitarau berezia ezagutarazi du, 'GoxoGabon' izenekoa. Bertan, laudioarrei bideratutako ekintza eskaintza zabala aurki daiteke.

Maitasun eta dedikazio handiz egindako ekimena da, baina osasun-agintariek segurtasunaren arloan ezarritako mugak eta jarraibideak ahaztu gabe. Hori dela eta, segurtasuna bermatuta egongo da egingo diren ekitaldi eta ekimen guztietan: kontzertuak, familia osoarentzako antzerkia, txikienentzako ipuin kontaketak, escape room birtualak eta bertsolariak. Gainera, Gabonetan zinema Laudiora itzultzen da segurtasun-neurri guztiak bermatuz, hala nola segurtasun-distantziak, hidrogelaren erabilera, maskarak eta edukiera.

Maite Cortazar Kultura eta Jaietako zinegotzia zoriondu egin da, "Zorionez, izen handiko artistak ditugu herrian, eta, besteak beste, Antonio Oyarzabalek piano kontzertua eskainiko du abenduaren 22an, 20:00tan, Lamuzako San Pedro parrokian. Ariadna Martinez sopranoak beste kontzertu bat emango du abenduaren 27an, 19:00etan Lamuzako San Pedro parrokian, opera, zarzuela, Gabon kantak eta guzti". Gainera, Gabonetako trenak gure kaleak zeharkatuko ditu urtarrilaren 2tik 4ra bitartean.

OLENTZERO ETA ERREGE MAGOAK

Basalarrinak eta ikastetxeek, bestalde, Olentzero eta Maridomingi pintura lehiaketa antolatu dute eta abenduaren 19an sari banaketa egingo da. Hurrengo egunean, abenduaren 20an, 12:00etatik aurrera, Laudioko Udalaren web-orrian sartuta, txikienak streaming bidez jarri ahal izango dira harremanetan Olentzero eta Maridomingirekin, Basalarrina Kultur Elkartearen eta ikastetxeen lankidetzari esker.

Halaber, urtarrilaren 5ean, 18:00etatik aurrera, Errege Magoekin topaketa birtuala egingo da. Hitzordu hori udalaren webgunearen bidez ere jarraitu ahal izango da. Ekimen honetarako, aurten ere, Rakatapla elkartearen laguntza izango dute. Gainera, "Errege-erreginek posta elektronikoz jasoko dituzte eskutitzak, modernizatzen eta teknologia berrietara egokitzen joan behar izan dutelako". Horrela, haurrek beren gutunak bidali ahal izango dizkiete erregemagoaklaudio@gmail.com posta elektronikoaren bidez.

"Udalak Olentzerorekin eta Errege Magoekin hitz egin du, lo gauden bitartean urtero bezala bisitatuko gaituztela ziurtatzeko. Beraz, txikiak eta nagusiak lasai egon daitezke, opariak bermatuta daudelako", gaineratu du Cortazarrek.

GAZTE LAUDIOARRENTZAKO JARDUERAK

Gazteria Sailak herriko gazteak eta, oro har, familiak gonbidatu nahi ditu jai hauetan hainbat ekimen berritzaile eta sortzailetan parte hartzera, hala nola Escape Rooms online modalitatean. Juan Jesus Merchan Gazteria zinegotziak azaldu duenez, "Web plataforman, udalerriko gazteek hainbat enigma ebatzi beharko dituzte jarduera bakoitzaren misioa gauzatzeko. Horretarako, "Irudimenari, lankidetzari eta logikari esker, parte hartzen dutenei erronka egingo dieten hainbat joko asmatu ahal izango dituzte", gaineratu du.

Lau jarduerek zailtasun-maila desberdinak dituzte parte hartu ahal izateko, banaka, familian edo urruneko taldeetan. Merchanek azaldu duenez, "Jarduera abenduaren 19an hasiko da martxan, eta udalerriarekin zerikusia duten pertsonek bertan parte hartu ahal izango dute, dohainik alta emanez eta sarbide-kode bat eskuratuz".

Ekimenari buruzko informazio eta xehetasun gehiago nahi duten gazteek arloarekin harremanetan jar daitezke gazteria@laudio.eus posta elektronikoaren bidez edo 944034850 telefonoaren bidez.