BILBO. Azaroaren 11n informazio hitzaldia egin zen Jane jauregian, eta bertan Ugao Miraballesko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Hasierako Onarpen Faseari dagokion dokumentazioaren edukia aurkeztu zen. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak 30.000 euro bideratu ditu.

Udalerriko biztanle batzuk eta toki-korporazioko arduradun nagusiak bertaratu ziren ekitaldi honen hasieran, HAPO batek barne hartzen dituen kontzeptuak errepasatu ziren, bai eta indarrean dagoen lege-esparrua eta proiektuaren ondorengo garapen-faseak ere.

Ondoren, Plana egiteko ardura duen taldeak lehentasunezko helburuak azaldu eta HAPOk barne hartzen dituen funtsezko gaiak zehaztu zituen; besteak beste, etorkizuneko bizitegi-espazioen eta lurzoru urbanizaezinen diseinua, jarduera ekonomikoena, ekipamendu publikoen zuzkidurak, eta abar. Era berean, interes bereziarekin azaldu ziren Ugaon gaur egun dauden komunikabideak, eta mugikortasun eraginkorrago eta iraunkorrago baterantz aurrera egiteko alternatiba egokiei buruzko ideiak adierazi ziren.

Udalerriko natur ingurunea eta kultur ondarea izeneko kapituluak ere xehetasunez aztertu zituzten aurkezpenean. Eta kontuan hartu den beste alderdi garrantzitsu bat genero-ikuspegia hirigintza-plangintzan sartzea izan da. Ekitaldian zehar, gai guztiei buruzko elkarrizketa irekia bultzatu zen, Hasierako Onarpenerako dokumentuan proposatutako jarduerak eztabaidatzeko asmoz.

Azkenik, Ugao-Miraballesko HAPO egiteko prozesua azaltzen duen triptiko bat banatu zitzaien bertaratutakoei. Liburuxka horretan herritarrek parte hartzeko dituzten hainbat aukera deskribatzen dira, orain arteko lan-fase desberdinetan egin izan den bezala. Triptiko horren ale gehiago banatu dituzte gehien bisitatzen diren udal instalazioetan (udaletxea, liburutegia, kultur etxea.), informazio hori herritarren eta bisitarien eskura jartzeko xedez.

Nabarmentzekoa da, halaber, Jane Jauregian bertan Plan Orokorra idatzi duten adituen taldeak prestatutako panel multzoaren erakusketa jarri dela. Udal eraikin honetako areto nagusian bi hilabetez egongo diren tamaina handiko 6 lamina hauen helburua, UgaoMiraballesko herritar guztiei HAPOren garapen eta tramitazio prozesua hurbiltzea da.

Egindako lanen eta bete beharreko hurrengo izapideen berri jendeari emateko asmoz, Udalak atal espezifiko bat ireki du www.ugao-miraballes.net udal web orrian. Atal horretan, orain arte proiektuan landutako informazio guztia jasotzen da.

Hilaren 11ko aurkezpen publikoaren ondoren, ugaotarrek 45 eguneko epea izango dute informazioa kontsultatzeko eta, hala badagokio, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko; izan ere, gobernu taldearen lehentasunetako bat planteamendua ahalik eta gehien adostea da, eta horrela herriaren garapen urbanistikoa aberastea.

Ugao-Miraballesko Hiri-antolamendurako Plan Orokorraren garapenak Bizkaiko Foru Aldundiaren baterako finantzaketa du. Ekitaldi honetan, 30.000 euroko diru-laguntza eman dio Udalari, Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Foru Sailaren udal hirigintza-planeamendua berraztertzeko programaren barruan.