Ezohiko bi urte igarota, udaldi honetan berriro ere normaltasun egoerara bueltatzea espero da eta, honekin, aukera berriak sortzea. Lekeitio prest da horretarako eta bere udako kanpaina berria aurkeztu du Bilboko Expovacaciones turismo azokan. Aurten bai! lelopean uda honetan udalerrian egiteko planak aurkeztu dituzte, udaldian antolatuko diren kultura, kirola eta gastronomia ekintzak aurreratuz. Nobedadeen artean dira Bizkaiko Nagusien Eguna, ekainaren 4an ospatuko dena, Bizkaia Harro egitasmoa edota jada ohikoak diren hitzorduak, Kaleka festibala edota San Antolinak tarteko. “Ekintza hauek eragin ekonomiko handia dute tokiko merkataritzan eta enplegua sortzen dute”, ondorioztatu dute Udaletik.Programa zabala aurkeztu dute. “Publiko guztientzako ekitaldiak izango” direla nabarmendu dute. “Ekainetik irailera, Lekeitio bisitatzen duten guztiek aukera izango dute kultur, kirol edo gastronomia ekitaldi ugariz gozatzeko”. Ekainean hasiko dira Bizkaiko Nagusien Egunarekin -ekainaren 4an, zehazki-, ostean estropadei ekiteko. Ekainaren 18an Lekeitioko 29. Triatloia izango da, 500 parte-har-tzaile baino gehiago izango direlarik, eta ekainaren 24tik 26ra, harrotasunaren egunaren bezperan, Bizkaia Harro egitasmoa antolatuko da lehen aldiz, “Ortzadar elkartea eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. Asteburu erreibindikatzailea izango da, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak balioan jarriz”. Azkenik, San Pedro jaiak izango dira -ekainaren 28tik uztailaren 1era bitartean-, hiru protagonistarekin: Kaxarranka dantza, Kilin Kalaren eta Lekeitioko emakumeen aurreskua. Uztailean, bestetik, Kaleka nazioarteko jaialdiaren 32. edizioa izango da -uztailaren 8tik 10era-, “mundu osoko artistak bilduko dituzten 14 ikuskizun izango ditugu, asteburuan zehar 20.000 lagun baino gehiago bilduz”.

San Antolinak

Abuztuan udako beste ekitaldi handi batekin hasiko da. “Panorama klasikoko talde hoberenek 42. Itxas Soinua Nazioarteko Jaialdian parte hartuko dute, 10etik 15era. Lekeitioko basilika ikusgarriak eta haren erretaula paregabeak sei egunez hainbat talde hartuko dituzte”. Azokak ere izango dira, bnaita Emakume Master Cup-aren partidak ere. Azkenik, irailean San Antolin jaiak, “aste berezi bat biziko” aukera emanez. “Bi urtez San Antolin jaiak ospatu gabe egon ondoren, irailaren 5ean Antzar eguna izango dugu berriro” diotenez. Ospakizun guzti hauek laburbiltzen dituen bideoa ere plazaratu dute, sare sozialetan ikusgai dena.