"Pixkanaka pandemiaren aurreko datuetara itzultzen ari" direla eta, Bermeoko Udala udan izandako emaitza positiboekin "oso pozik" agertu da. "Aurten, ekainaren 1etik irailaren 27ra bitartean, 17.587 lagun hurbildu dira herriko Turismo Bulegora eta honek guztiak, noski, eragin zuzena izan du herriko ekonomian", diotenez. Izan ere, "ostatu eta hotelek okupazio maila altua izan dute, zenbait astetan %100era iritsiz eta uztaila eta abuztuan %80ko media izanez".

"Indarrean egon diren osasun eta segurtasun neurriek uste genuen eragin zuzena izango zutela turismoari dagokionez, baina uste baino emaitza hobeak lortu ditugu", azaldu zuen Kepa Zumeta zinegotziak. "Aforoen murrizketek uste genuen eragin negatiboagoa izango zutela eta ez da horrela izan. Ez, behintzat, uste genuen neurrian", gaineratu du.

Turismo Bulegotik pasatutako 17.587 bisitarien artean uztailean 5.136 lagun pasatu ziren eta abuztuan beste 8.329. "Bermeo bisitatu duten gehiengoa Estatu mailakoak izan dira, eta atzerritarrak %7-%9an ibili dira, hilabetearen arabera". Udaren datuen arabera, Estatutik heldutakoen artean kataluniarrak (%19,57), madrildarrak (%16,74) eta valentziarrak (%11,44) izan dira nagusi.

"Egia bada ere Gaztelugatxe izan dela bisitari gehien izan dituen gunea", turimo aktiboko enpresek datu onak izan dituzte udan. Udalak eta Bermeo Tuna World Capital-ek antolatutako Bizi Bermeo delako ekimen zabalak ere arrakasta izan duela jakinarazi dute. "Hala ere, badugu zer hobetu, noski. Bisita gidatuen enpresek udaberrian, portzentualki, jende gehiago izan dute. Hurrengo urterako kontutan izango ditugu aurtengo datuak", adierazi du Zumetak.