Lekeitio - Nahiz eta eguraldi kaskarrak urte osoko antolaketa lana bertan behera uzteko arriskua eragin, iazko Ibilaldi egunean eta ondorengo egunetan Euskal Herriko hainbat txokotatik jasotako ekarpenei esker Lekeitioko Azkue Ikastolak beharrezko dituen zenbait eegokitzapen egiten hasia da. "Aurtengoan kanpo espazioa eta DBH egokituko" dituztela jakinarazi dute.

"Orain arte, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta jolastokiko eremu bat eraberritu dute, baina aurrerantzean orain arte moduan, guraso eta ikasleekin batera beste guztia" egokitzeari ekingo diote. Eta horien artean, Derrigorrezko Bigarren Hezkun-tzan martxan jarriko duten metodologian eragiteko hainbat gune aldatuko dituzte. Orain, kanpo espazioa eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gunea moldatu gura dituzte. "Ikastolan aspalditik eraldaketa prozesu batean murgilduta gaude, metodologia berriak espazioak ere horretara egokitzea dakar, eta apurka apurka horretan ari gara", azaldu du Ibon Goitia hezkuntza zentroko zuzendariak.

Dagoeneko piraten txalupa zegoen eremua garbitu dute, auzolanean, eta gune berriaren diseinu lanak ere hasi dituzte. "Gaian adituak diren hainbat gurasorekin elkarlanean ari gara espazio berriaren diseinua lantzen, ikasleen premiak aintzat hartuta sormenari eta naturari behar duen eremua emateko asmoz", Goitiaren esanetan. Hala, 0-2 urteko umeentzako espazioa berrituko da jolastoki berrian, hauek mugimendu askerako gunea izango dute beraz. - I. F.