Gernika-Lumo - Bidebusa Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaietako gauetan martxan izango da, 22:00etatik 6:00ak arte. Hala adierazi zuen atzo Berdintasun eta Partehartze arloko Irati Martinez Agirrezabala zinegotziak. Abuztuaren 10, 14, 15, 16, 17 eta 18rako jarriko du abian autobus zerbitzua berezia Udalak, asmo batekin: “autobusa gelditzeko aukera eskatu ahala izango da, eta helburua da bidaiarien helbideetatik edo joan nahi duten tokitik dagoen eremu hurbileneraino garraiatzea”.

“Zerbitzu honek kontuan hartzen ditu emakumeak edota neska gazteak bakarrik doazenean izan ditzaketen arriskuak”, eta Martinez Agirrezabalaren esanetan “emakumeak taldean joanda, zailago da horrelako erasorik izatea”. Erdi bidean geldialdia egin nahi duen emakumeak “aurretiaz abisatu beharko dio gidariari eta non jeitsi nahi duen adierazi”. Bdebusaren gidariaren “esku geratuko da gero, beharraren arabera, edo kontuan hartu beharko du errepide segurtasunerako kaltegarri ez den tokian egitea geldialdia”.

“Genero ikuspegitik landu behar dira politika publikoak, uste baitut abian jarri dugun zerbitzu honekin segurtasunean irabaziko” dugula azpimarratu zuen zinegitziak. Zerbitzuaren ibilbideak eta ordutegiak, azkenik, Gernika-Lumoko Udaleko web orrian eta sare sozialetan dira jada ikusgai.

Eraso sexisten aurkako kontzientzazioak puntu garrantzitsua izango du jaietan. Izan ere, “eraso sexual, homofobo edo transfoboen gaineko Informazio-gune bat jarriko du jai-eremuan bertan”, azaldu dutenez. Abuztuaren 15etik 17ra eta gaueko 21:00etatik 0:00etara bitartean zabalik izango den informazio-guneak helburua argia du: “Eraso baten aurrean zer baliabide dauden jakin behar dute herritarrek, norberak edo hirugarrengo batek nozitutakoaren aurrean, edo diskriminazio sexista bat dela eta, zer egin behar duen”. - I. F.