Santurtziko Udalak kanpaina bat hasi du herriko gurasoak seme-alaben irakaskuntza publikoa aukeratzera animatzeko. Helburua da udalerriko ikastetxe publikoetako matrikulazioak handitzea datorren ikasturtean. Zehazki, aurrematrikulazio kanpaina datorren astelehenean, hilak 17, hasiko da.

“Garai honetan, urtero legez, familiei dei egiten diegu seme-alabak Santurtziko ikastetxe publikoetan matrikulatu ditzaten, jakin badakigulako heziketa publikoa, doakoa eta unibertsala eskaintzen duten kalitate handiko zentroak ditugula gurean. Matrikula-aldia hilaren 17an hasiko da, astelehena, eta 28an amaituko.”

“Herrian haur- zein lehen-hezkuntzan kalitate bikaina eskaintzen duten lau ikastetxe publiko ditugu. Lehen hezkuntza amaituta, herriko institutuetan bigarren hezkuntza eta batxilergoa eskaintzen dira eta horiez gain, LHTI zentroa ere badugu. Horrela, aukera zabala dugu gure seme-alabei etapa horretan heziketa paregabea emateko herritik irten gabe,” adierazi du prentsaurrekoan Itsazain Ortolatxipi Ibañez Kultura, Hezkuntza eta Euskara zinegotziak.

Esan bezala, Santurtzin lau ikastetxe publiko daude haur- eta lehen-hezkuntzarako: Itsasoko Ama, Mahastieta, Serantes eta Emilia Zuza.

Aurten aurrematrikulazio epea hilaren 17an hasi eta 28an amaituko da, ikastetxe bakoitzak idazkaritza zabalik duten ordutegietan. Bestela ere, online egin daiteke www.euskadi.eus/hezkuntza webgunearen bitartez.

Matrikulazio epea hasi baino lehen, ikastetxeak ikusi ahal izango dira, gurasoek ikastetxe bakoitzaren instalazioak zuzenean ezagutu ditzaten. Hona hemen egutegia eta ordutegiak:

  • Itsasoko Ama: Asteazkenean, hilak 12, 15:00etan.
  • Mahastieta: Ostegunean, hilak 13, 15:00etan.
  • Serantes: Asteazkenean, hilak 12, 15:00etan.
  • Emilia Zuza: Ostiralean, hilak 14, 10:00etan haur-hezkuntzako instalazioak eta egun berean, 15:00etan, lehen-hezkuntzakoak.