SOPELA. Sopelako Udalak 70.000 euroko inbertsioa egingo du iksaturte hasieran Zipiriñe Ikastetxe Publikoko ikasle eta irakasleen segurtasuna bermatuko dituzten neurriak abiarazteko.

2020-2021 ikasturtearen hasieran, joan den abuztuaren 26an, EUDELek (Euskadiko Udalen Elkartea/Asociación de Municipios Vascos) gutun bat bidali zien EAEko udal guztiei, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrez aurreko eskolatzea bermatzeko eta ikasleak osasun-neurriak betez behar bezala birkokatu ahal izateko udal espazio publikoak identifikatzen laguntzeko toki-erakundeei egiten zien eskaeraren berri emateko.

Hainbat kokaleku aztertu ondoren, eta udalerriaren erdigunean udal espazio publiko egokirik ez dagoenez, Udalak Zipiriñen bi karpa jartzea erabaki du.

Lehenengoa (20x40 metrokoa) ikastetxeko patioan jarriko da, eta horretarako 40.000 euro inbertitu dira. Bere helburu nagusia ikasleen sarrera eta irteera antolatzeko egokitutako gune bat izatea da, horrela ikastetxearen inguruan gerta daitezkeen pilaketak edo itxaronaldiak saihesteko. Eremu honek norabide-seinaleak izango ditu lurrean, eta mantendu beharreko distantziak gogoraraziko dituzte. Ikasleei ikastetxera sartu aurretik tenperatura hartzeko eta modu mailakatuan eta modu seguruagoan sartu ahal izateko balioko du. Era berean, eguneko gainerako orduetan, eta batez ere klimatologiak laguntzen ez badu, gune estali hau aisialdirako gune gisa ere erabili ahal izango da ikasturte osoan.

Bestalde, bigarren karpa (15x20 metrokoa) zabuen ondoan jarriko da. Kasu honetan, Udalak 30.000 euro inguru bideratu ditu lehenengo eta behin lurra egokitzeko, tarima bat jartzeko eta ondoren karpa eraikitzeko. Bigarren eremu hau gimnasio edo aire zabaleko kirola egiteko espazio gisa erabiliko da; izan ere, egungo gimnasioa jantoki gisa erabiliko baita, ikastetxeak osasun-agintariek jantoki-zerbitzua emateko eskatzen dituzten segurtasun-neurriak bete ditzan.

Bi karpak 2020-2021 ikasturtearen amaierara arte funtzionatuko dute.