Arandoño Kultur Elkarteak Organo Kontzertuak 2020 Durango musika zikloaren aurkezpena egin zuen atzo. Bertan, urte amaierara arte udalerrian izango diren sei organo kontzertuen berri eman zen. Egungo egoerak guztiz baldintzaturiko ekitaldiak izango dira eta horregatik edukiera mugatua izango da eta beste hainbat segurtasun-neurri jarraitu beharko dira. Lehenengo emanaldia bihar, hilaren 17an izango Durangoko Andra Mari Basilikan. 94 urteko Montserrat Torrent Serra organo-jotzaileak eskainiko du zikloaren iraugurazio kontzertua.

Xabi Arana, Arandoño Kultur Elkarteko arduradunak azaldu zuen moduan urte berezi eta ezberdina izaten ari da kulturarentzat. "Konfinatuta egon gara baina apurka apurka eta normaltasun berrian murgilduta, egungo osasun eta segurtasun-neurriak hartuta ezin genuen eta ez genuen nahi Durango organo kontzerturik gabe utzi", nabarmendu zuen. Horrela eta beharrezkoak diren babes guztiak edukita, hala nola distantziak, edukiera, gelak eta maskararen erabilera, Durangok ongietorria emango dio 2020ko organo kontzertu zikloari bihar bertan.

Inaugurazio emanaldia, Montserrat Torrent organo-jolearen ardura izango da. Bihar arratsaldeko 20.15etan izango da Uribarriko Andra Mari Basilikan. 94 urteko artistak haurtzarotik musika eta pianoa maite izan ditu eta oraindik ere ilusioz eta emozioz hitz egiten du kontzertu bat eskaini behar duenean. Hala ere, eta bere biografian irakurtzen den moduan argi utzi nahi izan zuen momentuko egoerak sortzen dion sumina. "Txarto deituriko hirugarren adina giza-taldekoak dira aipatutako izugarrikeriaren biktimak. Ez digute jaramonik egiten, ezta laguntzarik ematen ere. Oharkabean goaz, ez gara existitzen, sobran gaude, ulermena eta sentimenduak baino ez dizkizuegu eska-tzen. Organoa jotzen dut nire garaikideentzat". Zentzu horretan "egungo egoeran koronabirusari aurre egin behar diogu eta kontu handiz ibiltzea beharrezkoa da, baina bizi-tzeko musika behar dugu eta orain inoiz baino zoriontsuago nago", adierazi zuen.

Izan ere, eta duela gutxi etxean istripu bat izan zuen arren, musikarekiko eta bizitzeko gogoarekiko maitasuna ezkuta ezina du. "Duela dela bi aste etxean istripu bat izan nuen, erori egin nintzen eta buruan kolpe gogor bat hartu nuen. Orduan bukatuta nengoela pentsatu nuen, baina medikuei esan nien kontzertu bat eskeini behar nuela. Oso pozik nago kontzertu hori eman ahal izan nuelako eta orain Durangon".

Bostgarren aldia izango da bartzelonatar musikari honek Durangoko Organo Kontzertuetan jotzen duela. Azkenengoa 2016an eskaini zuen eta 94 urte izan arren gogoz eta ilusioz aritzen da oraindik "Jubilatzeko kontzertu ziklo bat egitera animatu zidaten eta askotan pentsatu izan dut erretiratzea, baina musikak niri bizitza ematen dit eta bizirik jarrai-tzeko balio dit".

Biharkoa osasun egoerak ezarritako baldintzekin burutuko den emanaldia izango da, eta bertan Correa de Arauxoren hiru pieza joko ditu eta jarraian Johann Sebastian Bach, Mendelssohn, Eduarto Torres eta Manuel Castilloren errepertorioarekin osatutako egitarauaz goza-tzeko aukera izango da.

Biharko kontzertuak hasiera emango dio Arandoño Kultur Elkarteak beste urte batez antolatzen duen organo kontzertuen zikloari. Horrela urriaren 23an, Esteban Elizondo organu-jotzaileak jardueraren bigarren emanaldia eskainiko du. Azaroaren 6an, Jesún Martín Moro eta Orquesta de cámara arituko dira, "12-13 musiko egongo dira organo-jotzaile bikain honekin eta bigarren aldia izango da gure elkartea sortu zenetik honelako kontzertu bat emango dugula", azpimarratu zuen Aranak.

Gerardo Rifón eta Donostiko Orfeoiaren Gazteak azaroaren 22an joko dute eta Thomas Ospital musikariaren ikuskizuna azaroaren 28an izango da. Azkenik abenduaren 26an Gerardo Rifónek bigarren kontzertu bat eskainiko du, Lucía Gómez mezzosopranoarekin. Emanaldi hau San Frantzisko Monastegian eskainiko da zikloari amaiera emateko.

Segurtasuna bermatzea beharrezkoa izango denez, edukiera mugatua izango da eta jende pilaketak sahiestuko dira. Bestalde, eskuko programak banatzea ezinezkoa denez, zikloaren kartelek QR kode bat izango dute eta horrela edonork eskuragarri izango du kontzertuen programazioa eta egitaraua.

Hasiera. Bihar Montserrat Torrenten emanaldiarekin zikloaren hasiera izango da. Arratsadeko 20.15 etan Andra Marin.

Urriak 23. Esteban Elizondo organo-jotzailea arratsadeko 20.15 etan Andra Mari Basilikan.

Azaroak 6, 22 eta 27. Jesús Martín Moro eta Orqueta de cámara taldekideak eskainitako kontzertua hilaren 6an izango da. Gerardo Rifón eta Orfeón Donostiarra Gazte 22 an izango dira eta Thomas Ospital organistak bere ikuskizuna hilaren 27 izango da Andra Mari Basilikan.

Amaiera. Azkenengo kontzertua abenduaren 27 an izango da San Frantzisko Monastegian. Bertan Gerardo Rifón eta Lucia Gómez abeslaria izango dira.