AMOREBIETA-ETXANO. Joan den ostiralean, hilak 24, Amorebieta-Etxanoko Udalak ezohiko Osoko Bilkura ospatu egin zuen. Bertan, Larrabide eta Karmen kaleen arteko irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko eta azken hau urbanizatzeko proiektua onartu zen. Lan horietara 900.000 euroko aurrekontua bideratuko da, eta lanak datorren urteko udan hastea aurreikusten da, bost hilabeteko iraupenarekin. Lan hauekin Udalak herritarren eskariari erantzun die. Udala inguruko herritarrekin lanean ari da, beraien bizi-kalitatea hobetzeko, bereziki adinekoena, eta irisgarritasuna hobetzeko, esparru publiko honen segurtasuna hobetzearekin batera.

Igogailu bat jarriko da Larrabide kaleko 4. atariaren eta Luis Urrengoetxea kaleko 14. zenbakiko atariaren eraikinaren artean, eta goraino joan da, Karmen kaleko 12. zenbakiraino. Lan hauekin, igogailu bat jartzeaz gain, eskaileren zati bat kenduko da, eta oinezkoen eskaileren ilara bat jarriko da irisgarritasuna hobetzeko. Igogailuari dagokionez, erabiltzaileek segurtasun sentsazioa izatea lehenetsi da, eta beirazkoa izango da, makineria jartzen den lekuan izan ezik. 630 kilo igo ahal izango ditu (8 lagun), eta 1,40 m x 1,10 m izango ditu. Gainera, tartean geldituko da, Karmen kaleko 21. atarira joan ahal izateko. Orain arte hona eskaileretatik bakarrik joan ahal izan da.

Karmen kalea ere urbanizatuko da, 21 eta 29. zenbakien artean, kalearen gainontzeko urbanizazioarekin bat egiteko. Kalearen malda %6koa izango da, eta bidearen zabalera 3 metrokoa noranzko bakoitzerako. Horrela, oinezkoentzako zabalera handituko da, eta aparkaleku ilara bat ere egongo da. Lan hauekin Karmen kaleko 23 eta 25 zenbakietako irisgarritasun arazo historikoari irtenbide bat ematen zaio, eskailera berriak eta guztiz irisgarria den arrapala berri bat jarriz.