BILBO. Ermuko Udaleko Kultura Alorrak haurrentzako Gabonetako kanpaina aurkeztu du. Abenduaren 21ean hasi eta datorren urtarrilaren 5era arte luzatuko da egitaraua, eta urtero legez, Gabonetako Haur Parkea eta hainbat ikuskizun hartuko ditu barne.

Haurrentzako trenak emango dio hasiera programazioari larunbat honetan, hilaren 21ean, 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 19:00etara. Jarduera honen ostean, Gabonetako kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar, Orbe Kardinala plazatik abiatuta.

Asteartean, hilak 24, Euskal Herriko ikazkin ospetsuenaren txanda izango da. Olentzero Txiki gure herriko plazara jaitsiko da 11:00etan, herritar guztiak agurtzeko eta Ermuko kaleak bisitatzeko.

Miguel Angel Blanco kiroldegiko Gabonetako Haur Parkeak (GHP) abenduaren 26an, osteguna, irekiko ditu ateak, eta gaztelu puzgarriak, jumpinga, ohe elastikoak, ludoteka, bideo-jokoak, jolasak eta haurrentzako tailerrak eskainiko ditu urtarrilaren 4ra arte, larunbata. Ordutegia 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da, abenduaren 31n (goizez bakarrik) eta urtarrilaren 1ean (egun osoan itxita egongo da) izan ezik. Sarrerak 2 euroko prezioa du, eta egun osorako balioko du.

Abenduaren 28an, larunbatean, Glu Glu Produkzioak taldearen Pinotxo antzezlana izango da ikusgai Ermua Antzokian. Carlo Collodiren ipuin klasikoa abiapuntutzat hartuta, Pinotxo euskarazko antzerki emanaldia familia osoarentzat izango da, ikastea, komedia, antzerkia, musikala, dantza eta jokoa uztartuz. Atzoko, gaurko eta biharko haurrentzako klasiko bat taularatuz, komedia musikal honek edonor islatu dezaketen eta bertatik ikas daitekeen egoeretara eramango du publikoa. Gaur egun, XIX. mendeko ipuin klasikoak erabateko indarraldia du, eta familia osoa dibertituko du. Ikuskizuna 17:00etan hasiko da eta sarrerak 4 euroan daude salgai Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotariko kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, antzezlana hasi baino ordubete lehenagotik, Antzokiko leihatilan.

Astelehenean, hilak 30, Kulturmagic taldearen Liluraren laborategia magia ikuskizunaren txanda izango da. Inoiz galdetu al diozu zeure buruari nork asmatzen dituen eskuzko jokoak? Nork egiten ditu? Nork erabakitzen du jendaurrean erakutsi daitezkeen? Zenbat trikimailu mota daude? Nola sailkatzen dira? Beti egin dituzun galdera magiko horien erantzunak ezagutu nahi badituzu, ezin duzu galdu Gargot irakasle txundigarriaren laborategi-tailerrera egindako bisita gidatua. Harekin igarkizunaren eta efektu berezien munduan murgilduko zara, eta ilusionismoaren bazter guztiak ezagutuko dituzu. Ah! Eta, gainera, magia ikuskizun harrigarri batez gozatu ahal izango duzu, Mago Handiak eskainia, egin berri diren jokoek funtzionatzen dutela erakusteko. Emanaldia 17:00etan hasiko da eta sarrerak 4 eurotan daude salgai Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotariko kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago, Antzokiko leihatilan.

Urteko azken egunean, abenduaren 31n, Olentzero iritsiko da gure herriko kaleetara 2019. urteari agur esateko. Ikazkina Orbe Kardinala plazan egingo zaio harrera 18:00etan, eta bertan, desfile alai baten ostean, hainbat abesti abestu eta su emango diote.

2020an, urtarrilaren 3an, Go!azen 6.0 haur eta gazteen ikuskizunak inauguratuko du Ermua Antzokiko programazio berria. Basakabi ikastetxe ospetsuak bi emanalditarako irekiko ditu ateak: 17:00etan eta 19:00etan. Bi saioetarako sarrerak 6 eurotan daude salgai Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotariko kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Antzokiko leihatilan.

Haurrentzako Gabonetako programazioa urtarrilaren 5ean amaituko da, Errege Magoen Kabalgatarekin; 18:00etan hasiko da kalejira.